Hamasei saguzar espezie identifikatu dituzte herri inguruan
Saguzarren inbentarioa egin du, lehen aldiz, Errenteriako Udalak. Galzorian diren bi espezie topatu dituzte Errenteria-Oreretan.
Ezezagunak dira gautarrak direlako batetik, eta horrekin batera, merezi ez duten ospe txarra ere lotu zaielako gehiegitan. Ikerketa egin dute orain, eta udalerri inguruan hamasei espezie ezberdin identifikatu dituzte. Saguzarren inbentarioa osatzeko, Errenteriako Udalak egin duen lehena– 2019-2020 urteen artean egin du– Arramendiko parkea, Oiartzun ibaiaren bazterrak, Lau Haizeta parkea, eta Aitzpitarteko barrunbeen multzoan egin dute lan adituek.
Aurkitu dituzten hamasei espezie horien artetik bi babes kategoria gorenean, galzorian, daude: barbasta saguzarra eta ferra saguzar mediterraneoa; horiekin batera, haitzuloko saguzarra, gau saguzarra, eta pitzaduretako saguzarra ere identifikatu dituzte, hirurak haitzuloetakoak.
Adituek nabarmendu dutenez, aurten egindako lanetan hainbat ferra saguzar mediterraneo (Rhynolophus euryale) aurkitu dituzte; duela 50 urte behatu zituzten bertan azkenekoz, eta gaur egun Gipuzkoan galdutzat jo dute. Berriz agertu izana, beraz, pozgarria dela nabarmendu dute, “udala gure ondare naturalaren kontserbazioarekin duen konpromisoa sendotu du gainera”.
Saguzarren egoerari dagokionean, oro har, horien populazioen beherakada nabarmena izan dela diote eta gizakiaren ekintzarekin lotu dute beherakada hori. Mehatxu faktore garrantzitsuenak berriz, hurrengoak dira: habitat naturalen aldaketa, babeslekuetan eragindako traba eta ekintza bandalikoak, eraikinak zaharberritzeagatik eta zuhaitz zaharrak mozteagatik babeslekuak galtzea, pestizidek eragindako intoxikazioengatik hiltzea, eta parke eolikoetan, errepideetan eta bestelako giza azpiegitura batzuetan izandako istripuengatik hiltzea. Horren harira, udala jarduerak garatzen ari da Natura ondarea eta bioaniztasuna hobetzeko eta kontserbatzeko udal estrategiaren barruan, saguzarrak bizi eta ehizan aritzen diren habitat naturalen kalitate ona zaintzeko eta balio handiko babeslekuak egoera onean mantentzeko; hala nola, umatu edo hibernatu egiten duten barrunbeak, eraikinak edota zuhaitzak.
Hala, udalak, 50 kabi kutxa jarri ditu iaz, zuhaitzetako saguzarrek babesteko leku gehiago izan dezaten: Fanderia, Gabierrota, Arramendi, Bizarain eta Txoritokietan. Aizpitartea IV leizean, multzoaren barrunbe nagusian, babes itxitura ere indartu dute, kontrolik gabe jendea sartu eta bertan dagoen kultura eta natura ondare baliotsua kaltetu ez dezan.
Babesleku hauetan hainbat jarduera garatuko dute: hibernazioa, ugalketa eta gorteatzea. Saguzar kutxen erabileraren jarraipenak, neurri horren eraginkortasuna aztertzea baimenduko du.