Pasaiako futbolariek ez dute asmatu asteburu honetan
Hamaikako taldeak hutsean berdindu du etxeko lehian, esperotako hiru puntuak lortu ezinik. Areto futbolekoek gol batengatik galdu dute Elorrion.
Pasaian lehian ari diren bi taldeek -Pasaia K.E. eta Antxo A.F.- ez dute astebururik onena izan.
Atzerapausoa eman du hamaikakoak taldearen asmoetan, izan ere, Ariznabarraren aurka izan dute lehia asteburu honetan, eta bazirudien aurkari hori aproposa izan litekeela beste hiru puntu gehitu ahal izateko -Ariznabarra taulako azken postuetan zegoen eta Pasaia lehenean-, baina ez da hala izan.
Aurreikuspenak aurreikuspen, 0-0 amaitu zuten larunbateko partida Errenteria-Oreretan, pasaitarren arabera, bi arrazoi posiblegatik: “Bertakoek asmatu ez zutelako, edota atezain bisitatzaileak egindako hiru esku-hartze aproposengatik”.
Pasaia K.E.-k lehen postuan jarraitzen du. Datorren igandean aurpegia eman beharko du berriro Unben (Eibar), Vitoria C.D.-ren aurka.
Areto futboleko gizonek etxetik kanpo -Elorrion- izan zuten asteburuko hitzordua, baina ez zuten asmatu: “Azken segundora arte saiatu ginen, baina ez genuen punturik lortu”. Gol batengatik galdu zuten (7-6) Ferreresen gizonek.
Azken jokaldian berdinketa emango zien gola sartu zuten zuri-gorriek, baina denboraz kanpo. Gauzak horrela, sailkapeneko hirugarren postuan dago orain Antxoko elkartea. Asteburu honetan etxean izango dira, lehen postua dutenen aurka -Alipendi Zalditxo Araia- aurpegia ematen.