Asteartean, jarduera fisikoa
Muittu Lezo estrategiaren barruan, jarduera fisikoa egitera biltzen dira hainbat lezoar astearteetan Koldobike Gezala pilotalekuan.
Muittu Lezo estrategiaren barruan, Martxan egitasmoaren barruko saioak egiten dituzte Koldobike Gezala pilotalekuan asteartero. Gaur goizean ere han izan dira hainbat lezoar, Jon Amiama Jauregi kirol orientatzailearen aginduei jarraiki, ariketa fisikoa egiten. Giro ederra izan dute, gustura ibili dira partaideak etxean ere egin ditzaketen ariketetan. Gorputza aldarte onean mantentzeaz gain, adinekoek batez ere saioak erabiltzen dituzte etxetik ateratzeko, sozializatzeko, beste lezoar batzuekin giro atseginean egoteko. Mugitzea bizitza da, gozatu! lelopean lantzen dituzte saio horiek.
Muittu Lezo estrategiaren barruko beste izarra, ostegunetako Tipi-topa da. Etzi berriz ere abiatuko dira jarduera fisikoaren zaleak Lezotik zehar ibilbidea egitera, Koldobike Gezala frontoieik (Bekoerrota kiroldegikoa da). 10:45ean bide luzea egiten duen taldea aterako da, 11:00etan motza egitea hautatu dutenak.
Gaurkoa eta ostegunekoa taldeka egiten diren jarduerak dira. Norbanakoentzat ere prestatzen ditu jarduera fisikorako proposamena Lezoko Udaleko Kirol Sailak, kirol orientazio zerbitzuaren bitartez. Lezoko nahiz eskualdeko baliabideak erabiltzen dituzte proposamen horiek.
Haiekin harremana egiteko, bide hauek daude:
- Telefonoz: 663 22 80 31era deituz.
- Posta elektronikoz: hemen sakatu eta helbidea aterako da.
- Aurrez aurre: Bekoerrota kiroldegian lor daiteke informazioa.