Maskulinitatearen inguruan gogoeta egingo dute antzerki bidez
'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlana eskainiko dute datorren igandean -hilak 24- Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Xake produkzioak taldeak Fadoak entzuten zituen gizona lana antzeztuko du igandean (hilak 24) 19:00etan Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Sarrerak leihatilan egongo dira salgai emanaldia hasi eta ordubete lehenagotik; aurretik ere eros daitezke honako esteka honen bitartez.
Sinopsia
Lan hau bidaia bat da. Zineman road movieak dauden bezala, hau road play bat izango litzateke. Mario kamioilaria da eta lan kontu batengatik Lisboara doa. Bidean Ander izeneko mutil bat jasoko du. Ander musikaria da eta Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera doa, bertan parte hartzeko asmoz. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehendik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Bi pertsona horiek bi egun iraungo duen bidaia bat hasiko dute. Izan ere, elurte handi baten ondorioz, Gaztelako errepidean harrapatuta geratuko dira.
Zirkunstantzia horrek sortzen duen intimitateari eta elkarrekin pasatzen duten denborari esker, harreman oso berezia sortuko da bi lagun horien artean eta kontu askoren inguruan gogoeta egiteko bidea emango du: Zer da sentibera izatea? Gizonak izan gaitezke sentiberak? Nola harremantzen gara mutilak? Zein rol jokatzen ditugu gizarte honetan? Maskulinitatearen inguruan gogoeta egiteko lan bat da honako hau.
- Egilea : Kepa Errasti
- Zuzendaritza: Getari Etxegarai
- Ekoizpena: Xabier Ormazabal
- Antzezleak: Iñigo Aranbarri, Ane Gabarain, Kepa Errasti
- Argi diseinua: David Alcorta
- Eszenografia diseinua: Eider Ibarrondo, Isabel Acosta
- Musika: Pascal Gaigne