Zaldibarko hondamendia gogoan edukiko dute Oiartzunen
U30 Aldaketaldia kanpainaren barruan mobilizazioa egingo dute hilaren 30ean. Otsailaren 4an Ahoztar Zelaietak hitzaldia emango du.
'U30 Aldaketaldia' kanpainaren aurkezpena. Larreko Mahaiak U30 Aldaketaldia kanpaina abiarazi du. Larreko Mahaia hainbat sindikatu, eragilek eta taldek osatzen dute, ingurumenarekiko duten kezkak batuta.
Euskal Herriko hainbat txokotan mobilizazioak egingo dituzte datozen egunetan, toki bakoitzean ingurumenarekin lotura duen gai zehatz bat landuz: AHTa, errauste planta, Zaldibar zabortegia…
Azken gai hori da Oiartzunen landuko dutena. Otsailaren 6an beteko da urtebete Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu zenetik.
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak zabor tonen azpian harrapatuta geratu ziren. Sololuzeren gorpuzkiak irailean aurkitu zituzten; Beltranenak oraindik lur azpian daude.
Horren harira, hilaren 30ean —larunbata— Zaldibarko hondamendia eta sortu zituen biktimak gogorarazteko elkarretaratzea egingo dute Done Eztebe plazan. 13:00etan geratu dira.
Otsailaren 4an, berriz, Ahoztar Zelaietak hitzaldia emango du udaletxeko pleno aretoan, 19:00etatik aurrera. Zaldibar zona cero liburua aurkeztuko du.
