Beraungo liburutegiaren gestio txarra eta azalpen eza salatu du PSE-EEk
Sozialisten bozeramaile den Isaac Palenciak ulergaitzat dauka lanak geldirik jarraitzea. Udal gobernuaren gestio txarra salatu du.
PSE-EEko bozeramaile den Isaac Palenciak udal gobernuak Beraungo liburutegia izan beharko lukeenaren inguruan -Aldakoeneako eskolaurrea zegoen eraikina, hain zuzen- egiten ari den gestioa kritikatu du: “Proiektu hori udal gobernuak 2015-2019 legealdirako hartutako konpromisoa izan zen, eta legealdia amaitu eta bi urte geroago, oraindik ez da gauzatu”.
Palenciak aldarrikatu du ulergaitza dela hainbeste denbora pasata obra geldirik egotea, eta horren aurrean EH Bilduk azaldutako gardentasun eza sakatu du, “erantzuna beti berdina baita, sortutako hainbat zailtasun konpontzen ari direla”.
Sozialistek uste dute Beraungo eraikinaren kasua ez dela bakana, izan ere, badira euren ustez gehiegi luzatzen ari diren proiektuak, bizilagunen kalterako: Lekuona, Barandiaran parkea, Beraun eta Gaztañoko igogailuak, Isidro Ansorenako garajeak eta plaza, Iztietako zonalde degradatua… “Horiek guztiak gestio txar batengatik bete gabeko konpromisoen adibide dira”.