«Esango nuke ahalduntze baten emaitza dela Ayimen poesia»
Alemaniar poeta, pedagogo, logopeda eta mugimendu afro-alemaniarraren aktibista izan zen May Ayimen antologia itzuli du. 1980ko Alemaniako borroka beltzaren ahotsa euskarara ekarri du.
MAY AYIM. Poeta, pedagogoa, logopeda eta mugimendu afro-alemaniarraren aktibista.
May Ayim 1960ko maiatzaren 3an jaio zen Hanburgon (Alemania).
Hemezortzi hilabete zituenean Opitz familiak adoptatu zuen, haiek beste lau seme-alaba zuri zituzten. Txikitatik sentitu zuen Ayimek desberdina zela, —aita biologikoa ghanatarra zuen— eta haren idatzietan aitortu izan du bizipen arrazista anitz paratu zituela.
Pedagogia ikasi eta gradu amaieran egin zuen lana afro-alemaniar historiaren lehen ikerlan akademikotzat hartu da. Amaitzean, Berlinera lekualdatu zen eta bertan ezagututako emakume beltzek animatu zuten ikerlana argitara ematera. Horretan, afro-emakumeen saiakera, poesia eta kontaketak jaso zituen. Emakume horiekin sortu zuen herrialdeko lehen elkarte afro-alemaniarra.
Mundu osoan konferentziak eman zituen giza eskubideen, arrazakeriaren eta feminismoaren ahots izanik. 1987an logopedia ikasten hasi zen eta logopeda nahiz irakasle aritu zen.
1996ko abuztuaren 8an, 36 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen.
Zer aurkituko du irakurleak May Ayimen lanean?
Antologiatxo hau May Ayim poeta afro-alemaniarraren obra poetikoaren aukeraketa laburra da, 39 poema bildu ditugu bertan. Poesia nahiko zorrotza eta bizia da, zuzen-zuzenean sartzen zaiona irakurleari, eta nahiko deseroso eta aldarrikatzailea edukiari dagokionez.
Ayim izan zen emakume beltz bat, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan idatzi zuena. Poeta izateaz gain, pedagogoa eta aktibista politikoa ere izan zen, eta Alemaniako beltzen eskubideen aldeko mugimenduaren sortzaile nahiz erreferente nagusienetako bat.
Nola deskribatuko zenuke bere lengoaia poetikoa?
Hizkuntza oso zuzena eta soila erabiltzen du, apaindura gutxikoa. Baditu poema nahiko laburrak eta itxuraz sinpleak, eta beste batzuk luzeagoak. Luzeago horiek erritmo handikoak dira, ahozkotasunera jotzen dute, irakurtzeko eginak balira bezala. Hark ere gustuko zuen errezitatzea eta bere aldarrikapenak jendaurrean esatea.
Esango nuke hori dela haren hizkeraren ezaugarri nagusia, Ayimen poesia oso zuzena dela, mezua helarazteko helburu zorrotza daukana.
«Norberak sortzen duenean askoz askeago ibil zaitezke, baina ez daukazu heldulekurik»
Ez zuen bizitza erraza izan Ayimek. Sufrimendu kutsua ba al du bere poesiak?
Bai, hala da. Egia esan, Ayimen poesia erabat zeharkatzen dute bai bizitza pertsonalak —bere bizipenek—, bai konpromiso edo ideia politikoek. Txikitatik hezi izan zen giro zuri batean, eta berak zioen betidanik bizi behar izan zuela garai hartako gizartean —1980 eta 1990eko hamarkadak— Alemanian zegoen ezkutuko arrazakeria hori.
Nolabait ere, ahalduntze prozesu bat egin zuen. Aztertu zituen Alemaniako beltzen historiak, lan egin zuen afro-alemaniarren mugimendua sortzen beste hainbatekin batera, eta uste dut bilaketa eta aldarrikapen horiek denak ere plano artistikora eraman zituela.
Esan dezakegu poesia izan zela beste bide bat, sorkuntzari lotuagoa, hain justu, hark bizitzan egin izan zuen ibilbide hura nolabait biribiltzeko. Esango nuke ahalduntze baten emaitza dela Ayimen poesia.
Ayimek ekarpena egin zion ez soilik literaturari, baita feminismoari eta arrazakeriaren aurkako borrokari ere. Poesia izan zuen hartarako tresna?
Bai, zalantzarik gabe. Berak garai hartan -198oko hamarkadan- arlo akademikoan landu zuen Alemaniako beltzen gaia, ordura arte ezkutuan zegoen komunitate bat baitzen. Horri esker, ikusgarri bihurtu eta saretu egin ziren; ahotsa eman zien. Alemaniako beltzen ekimenaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Ayim.
Horrekin batera, poesiak eman zion indarra jendearengana iristeko, bere mezuak edonorengana eta mundu osoan zehar zabaltzeko, komunitate horri ahotsa jartzeko.
Zer egin zaizu zailen bere poesia euskarara ekartzeko lanean?
Lehen esan dudan moduan, itzuli ditudan Ayimen poemak nahiko desberdinak dira estilo aldetik: batzuk luzeak eta erritmo handikoak, beste batzuk oso soilak… Eta agian poema bakoitzaren ezaugarri berezi horiek zaintzea izan da zailena.
Gero, asko jolasten du hizkuntzarekin. Hori ohikoa da poesian, baina Ayim bereziki mugitzen da formaren eta esanahiaren arteko jolas horretan: hitz jokoek, hoskidetasunak eta halakoek garrantzia hartzen dute. Horiek nola jaso asmatu behar du itzultzaileak, itzulpenean efektu bera lortzeko.
Beste berezitasun bat ere badauka zailtasunak eman dizkidana: hizkuntzaren arauak nahiko modu bihurrian erabiltzen dituela. Adibidez, ez du maiuskularik erabiltzen, eta puntuazioa ere oso gutxi.
Horrek ere, batzuetan, anbiguotasunak sor ditzake interpretazioan, eta saiatu naiz anbiguotasun horiek ere nolabait gordetzen itzulpena egiterako garaian, eta esanahi aukerak irekita uzten itzulpenean. Hori agian izan da erronka handiena.
«Hizkuntza minorizatu batean sortzeak, mugatu baino, aberastu egiten gaitu»
2016ean Angela Davisen azken lana itzuli zenuen, Askatasuna, etengabeko borroka bat titulupean. Zer dute komunean bi emakumeek?
Angela Davisen Askatasuna, etengabeko borroka bat Katakrak argitaletxearen ekimenez egin genuen. Taldean itzuli genuen, Amaia Apalauza Ollok, Iñigo Roque Eguzkitzak eta hirurok. Egia esan, elkarlanean egindako lan prozesu guztia oso aberasgarria izan zen.
May Ayimena bestelakoa izan da. Munduko Poesia Kaierak bilduman mundu zabaleko poesia argitaratzen da antologia laburretan. Aukera izan nuen egile bat proposatzeko, eta Ayimen alde egin nuen. Kasu honetan, lan prozesua mantsoa izan da, egilearen obra osoa kontuan hartuz osatu behar izan dugulako antologia.
Aipatutako biek, bide desberdinetatik sortutako proiektuak izan arren, badute zerbait komunean, ordea: bi egileek bat egiten dute ideietan edo borrokan. Bai Ayim eta bai Davis, biak dira mundu mailako beltzen eta emakumeen eskubide zibilen aldeko aktibistak, mugimendu beraren bi katebegi.
Zergatik hautatu zenuen May Ayim?
Bada, kasualitate batez. Denbora batez Berlinen bizi izan nintzen, Ayim bizi izan zen lekutik nahiko hurbil, baina garai horretan ez nuen izan oraindik idazlearen berri.
Gerora ezagutu nuen, Esther Andradi idazle argentinarraren bitartez. Oso pertsonaia interesgarria iruditu zitzaidan, hainbat arrazoirengatik. Gure artean egile erabat ezezaguna zen, gainera, eta banuen nolabaiteko lotura emozional bat poemen kokalekuarekin.
Besteen lanak euskarara ekarri dituzu, baina baita zure erraietatik ondu ere. Nola asebetetzen zaitu lan bakoitzak?
Bi prozesu oso desberdin dira, noski. Alde batetik, itzulpen lanean baduzu sorburu testu bat eta egilearen asmoak lotzen zaitu erabat. Itzultzailearen eginkizuna oso garbia da: hori ahalik eta ondoen ematea beste hizkuntza batean.
Norberak sortzen duenean, berriz, askoz ere askeago ibil zaitezke, baina ez daukazu heldulekurik ere. Nolabait ere, sorburu testuarekin eta itzultzailearekin aurrez aurre egon beharrean, zure buruarekin egotea tokatzen zaizu.
Dena den, badute antzekotasunik ere: biek dute asko sorkuntzatik, baita itzultzeak ere. Eta ez batean ez bestean ez dago inspirazio magikorik: itzultzeko bezala, idazteko ere diziplina handia behar da, kalitatezko denbora.
Aipatu izan duzu beste genero batzuk lantzea ere gustatuko litzaizukeela, horien artean antzerkia. Ari al zara?
Orain ez naiz antzerkian ari, baina modu desberdinetan kolaboratu izan dut aurretik Lezoko Orratx! antzerki taldean. Taldeko partaide nintzela, sorkuntza prozesuan gidoiak sortzen aritu ginen, eta Ez hemengo, ez hango antzezlanaren gidoia landu ahal izan nuen, adibidez.
La casa de Bernarda Alba klasikoaren bertsio bat euskaratzea ere egokitu zitzaidan: Bernarda Albaren bost alabak izena jarri genion obrari. Aurten, gainera, oker ez banabil, Oiartzunen eskainiko du Orratx!-ek.
«Ni euskaraz naiz, beraz, euskaraz sortzen dut»
Zer duzu orain esku artean?
Justu pasa den astean izan nuen azken honen berri: aurreko urteko Nobel Sariduna itzultzeko helburuz egiten den Jokin Zaitegi sariketari esker, Louise Glück poeta estatubatuarraren The Wild Iris poesia liburua euskaratuko dut aurten.
Pentsa liteke euskarak, hizkuntza minorizatua izanik, ate asko itxi dizkiela zure lanei. Zuk, baina, zabalik ikusi dituzun horiei eutsi diezu.
Nire kasuan, behintzat, euskaraz idaztea ez da hautu kontziente bat izan, modu naturalean etorri da. Ni euskaraz naiz, beraz, euskaraz sortzen dut. Aurreko belaunaldiek egindako bideari eskertu behar diogu guk orain hori esan ahal izatea.
Gainera, zera esango nuke: hizkuntza minorizatu batean sortzeak, mugatu baino, aberastu egiten gaituela. Balio erantsi bat ematen digu gure txikitasun horretan.
Itzulpengintzaren ikuspegitik, uste dut beste hizkuntza batzuetako ahotsak euskarara ekartzeko lanak zentzu betea hartzen duela bide horretan. Hori da guretik jar dezakegun aletxoa.