Mentxu Alkorta Arzak hil da, trikitiaren munduan bide urratzailea
Nafarroan bizi zen, baina Oiartzunekin lotura handia zuen. Gema Sistiagarekin lehenengo emakume trikitilarien bikotea osatu zuen.
Mentxu Alkorta Arzak hil da asteburuan. Donostian jaio zen 1947an, eta aspalditik Errezun (Nafarroan) bizi zen arren, Oiartzunekin lotura handia zuen, urte askotan bizi izan baitzen herrian. Musikari lotutako bizitza izan du, bereziki soinu txikiari.
2013an Euskadi Irratiko Kaja Beltza saioan gogorarazi zuen bezala, dantza eta musikarekiko zaletasunaren hazia erein zion amak. Trikitiarekiko zaletasuna, baina, berandu hasi zitzaion, 30 urterekin.
Aitonaren esku soinu txikia jotzeko gogoa zuela esan zion amari, baina Venezuelan zeukala osabak. Haraino joan zen bila, baina esku hutsik etorri zen. Hurrengo urtean ama joan, eta hark bai, hark ekarri zion.
Iñaki Malbadi azkoitiarrak, besteak beste, irakatsi zion musika instrumentua jotzen.
Dantzari profesionala izan zen, baina kide zen taldea desegitean, dantza tailerra antolatu zuen Alkortak, Oiartzunen. Han aurkitu zuen plazarako bikotekidea: Gema Sistiaga sanjuandarra. 1985ean hasi ziren elkarrekin jotzen. Debuta Ergoiengo festetan egin zuten; goizeko seiak arte egon ziren piezak jo eta jo, errepikatuz. Auzo bereko pertsona zaharrengandik jaso zituzten hainbat doinu.
Alkortak eta Sistiagak estreinako kontzertua Oiartzunen eman zuten arren, liberetan jaso zuten lehenengo ordainsaria: Azkainen (Lapurdi) eman zuten kontzertua izan zen kobratu zuten aurrenekoa.
Bi emakumek osatutako lehenengo trikitilari bikotea izan zen, bide urratzailea. Hala ere, irratsaioan ziurtatu zutenez, ez zen inolako muga izan. Profesionalizatzeko aukerari uko egin zioten, beraiek plazeragatik jotzen baitzuten. Txapelketetan parte hartzeari ere muzin egin zioten. Lehenengo diskoa 2012an grabatu zuten.
Alaitasuna ez zuen plazetan eta kalejiratan bakarrik zabaltzen. Kiki, Koko, Moko eta Flax pailazo laukotean parte hartu zuen, Flax bezala.
Gaur emango diote azkeneko agurra.