Musukoen gomek animaliak hiltzen dituztela salatu du Eguzkik

Maskara betekin nahaspilatuta hilik hauteman dute kaio bat Pasaian. Horiek zakarrontzira bota aurretik gomak mozteak bizitzak salba litzake.

Musuko batekin nahaspilatuta, hilik hauteman dute antxeta mokogorria Pasaian. Argazkia: Iñaki Zugadi / Joseba Alberdi.

Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Pasaian hilda hautemandako antxeta mokogorri baten irudia zabaldu du sare sozialen bidez. Badirudi hegaztiak musukoaren gomarekin nahaspilatuta eta ihes egin ezinik galdu zuela bizitza.

Taldeak salatu du maskarak arazo berri bat direla ingurumenarentzat ez ezik, baita bizidunentzat ere: “Plastikoen kutsadurari orain maskarena gehitu behar zaie. Gomek heriotzak dakartzate”. Pasaiako kaioaren kasua ez da bakana, geroz eta hildako animalia gehiago ari baitira agertzen antzeko egoeratan.

Hainbat albaitarik denbora daramate hein batean soluzio izan litekeen aholku erraz bat hedatzen: musukoen gomak moztea zakarrontzira bota aurretik. Keinu txiki horrek, animalien bizitzak salbatzeaz gain, berma lezake ere maskarak berrerabil edo birsaldu ez daitezen.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.