Albaolak ateak itxiko ditu behin-behinean gaurtik aurrera
Ondartxo bidearen itxierari eguraldi txarra eta mugikortasun murrizketak batu izanak bisitak nabarmen jaitsarazi ditu. Eskolak zabalik jarraituko du.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak gaurtik aurrera -hilak 27- ateak itxiko ditu behin-behinean, berrirekitzeko data zehatzik gabe. Egungo egoerak bereziki zaildu du faktoriara bisitan joatea, eta horren aurrean, museoa noiz arte jakin gabe ixtea erabaki dute.
Hiru dira, nagusiki, San Pedroko kultura gunearen itxiera bultzatu duten arrazoiak: batetik, neguak berez dakarren eguraldi txarra; bestetik, Pasaiako egoera epidemiologikoa eta horrek dakartzan mugikortasun murrizketak; eta azkenik, Faktoriara oinez iristea ahalbidetzen duen bide bakarrak itxita jarraitzea.
Azken horri dagokienez, Albaolako presidente den Xabier Agotek aitortu zuen Ondartxo pasealekuaren ixtea “birusa bera baino kaltegarriago” izan dela faktoriarentzat. Bidea moztuta dago 2019ko urte amaieratik, bertan jazotako luizi batzuen ondorioz; Pasaiako Udalak iragarri zuen joan den urteko urrian hasiko zirela lanak, baina oraindik ez dago horien arrastorik.
Itsas Kultur Faktoriak aitortu du egoera latza dela, bisitariek diru sarreren %40a baino gehiago suposatzen baitute. Museoak ateak itxi beharko dituen arren, ontzigintza eskola zabalik mantendu ahal izango da entitateen ekarpenei esker; azken horiei bihotzez eskerrak eman dizkiete.