Irakurketa irisgarria
Irakurketa erraza testuak ongi ulertzeko teknika bat da, eta jende askorentzat da ona:
Adimen desgaitasuna duten pertsonentzat eta ez dutenentzat.
Izan ere, pertsona bakoitzak bere gaitasunak ditu. Bakoitzak bere moduan ulertzen ditu gauzak.
Zerbait ulertzen ez dugunean, ez dugu errudun sentitu behar.
Gauza zailak ere ulertu daitezke.
Batzuetan, gauzak beste modu batean esplikatzen jakin behar da.
Elkar ulertzea lortzen dugunean, pozik eta zoriontsu sentitzen gara denok.
Bestalde, guztion eskubidea da informatuta egotea eta jendearekin harreman ona izatea.
Horregatik, oso inportantea da pertsona bakoitzaren beharretara egokitzea.
Iritzi testu irisgarria izatea du helburu zutabe honek. Irakurketa errazean idatzi dut lehen zatia, hizkuntza sinple eta argian alegia, ulermen maila baxuagoa dutenek ere erdietsi dezaten. Irakurketa errazean edo, akaso, hobe esanda, irakurketa irisgarrian idatz daitezke Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, smartwatch berriaren jarraibide-orriak, 2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi duen Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberria, zein errenta aitorpena egiteko argibideak; askotariko gaitasunak dituen jendea kontuan hartu eta haiengana iritsi nahi izatea da kontua. Izan ere, uste dugu gisa honetako testuak adimen desgaitasuna duen jendearentzat bakarrik daudela zuzenduta —hala ‘saldu’ ohi baita irakurketa erraza—, baina heziketa maila baxua dutenentzat, hizkuntza bat ikasten ari direnentzat edota komunikatzeko zailtasunak dituzten horientzat ere lagungarri izan daitezke.
Ezberdindu egiten ditugu adimen urritasuna duten pertsonak eta ez dutenak; bi zaku dira, bi mundu, batekoa zara edo bestekoa. Atzegi, adimen desgaitasuna duten pertsonen eta familien elkarteko boluntario naiz 2018tik eta iragan 3 urteetan zerbaitetaz konturatu banaiz, izan da pertsona bat adimen mailagatik bakarrik identifikatzeak ez duela zentzurik, izan %33tik gorako edo beherako desgaitasuna.
Gutako bakoitzak kontzeptuak ulertzeko bere modua duen arren, bere garaian ez zigun inork irakatsi ‘gelako azkarrenak’ lehen azalpenean ulertu ohi zuen hori guk ere berak bezain ongi uler genezakeela, nola erritmoa motelduta, hala testuliburutik aldenduta, besteak beste. Nagiak jota, —edo curriculumak presionatuta— ez zituzten bide berriak arakatu. Eta guk, urtetara, halaxe egiten jarraitu dugu.
Iritsi nahi izatea aipatu dut arestian. Borondatea behar baita beste pertsona batek uler zaitzan lortzeko. Adimen desgaitasuna duen pertsona bati ez diogu gehiegi exijitu ohi, jakintzat ematen dugulako ez gaituela konprenituko. Ez da gai, pentsatuko dugu, zertarako ahalegindu. Kontrara, zenbakiz neurtzen den gaitasun maila bat ‘gaindituta’ dugunok, nolabait, behartuta gaude ulertzera. Lortzen ez badugu, gurea da porrota, zama, gutxiespena.
Zer gertatzen da, ordea, ahalegina kontzeptuak beste modu batean azaltzeko egiten denean? Bada, harresiak eraisten direla. Pertsonalki, miresten dut enpatia ariketa hori egin eta murruak zeharkatzeko gai den jendea, asko ikasi dut haiengandik, baina, egiari zor, asko geratzen zait oraindik. Gaur-gaurkoz, urduri jartzen jarraitzen baitut norbaitek esan nahi dudana ulertzen ez duenean.
Izan ere, zein momentu ederra eta koloretsua komunikazioa gauzatzen denekoa! Igorleak mezua egoki bidali, hartzaileak mezua egoki jaso. Win-win. Denak pozik. Funtsean, horretara mugatzen baita komunikazio ekintza oro. Elkar ulertzera, eta ez arrazoia izatera, nahasi ohi diren moduan. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Honenbestez, ez dezagun gure burua engaina, denok behar dugu momenturen batean irakurketa irisgarria. Denon onerako da elkar ulertzea, denon eskubidea den bezalaxe informatuta eta gizartearekin kohesionatuta egotea. Eraits ditzagun murruak, sormena beti lagun. Zoriontsuago izango ginateke, ez duzu uste?