Aniztasun mentala dutenen aldarrikapena antzeztuko dute
Ados Teatro taldeak 'Igel euria' antzezlana eskainiko du otsailaren 14ean -igandea-, 19:00etan Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Aniztasun mentala duten pertsona horientzat aldarrikapena egingo dute antzezlan bidez. Ados Teatro taldeak Igel euria antzezlana eskainiko du otsailaren 14ean -igandea-, 19:00etan Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Sarrerak hamar eurotan eros daitezke honako esteka honen bitartez, baita egunean bertan ere, aretoan, emanaldia hasi eta ordubete lehenagotik.
Sinopsia honakoa da: Buruko gaitza diagnostikatu dioten pertsonaia bere buruaz beste egiteko zorian da. Antzezlan honek bidaia bat egingo du bere bizitzan barrena, flashback moduan eta protagonistaren eskutik.
Gaixotasunaren prozesua ezagutuko da, hasierako ukazioa, onarpena, beldurra, buru-argitasuna, umorea… Benetako lekukotasunak fikzioarekin nahastuko dira, batzuk zuzenean eta aurrez grabatutakoak besteak, trama nagusian uztartuz.
Aniztasun mentala duten pertsona horientzat aldarrikapena egingo dute guztiek: gaixo izatearen gainetik, pertsonak dira.
