Gaztetxearen historia, dokumental batean jaso dute
Gazte asanbladako kide izan diren belaunaldi ezberdinetako hainbat ordezkarirekin osatu dute, haien kontaketarekin ibilbide osoa biltzeko.
Luzea da gazte asanbladaren historia. Aspalditxo hasi zen gaztetxea, gazteek beraiek autogestionatutako espazio bat lortzeko borroka Errenteria-Oreretan. 1988an asiloa okupatu zuten hainbat gaztek eta hutsa zegoen eraikin grisa, kolorez bete. Ez zuen luzaro iraun ametsak. Poliziak berehala hustu zuen eraikina; ehunka herritar atera ziren kalera protesta egitera, eta berehala eraitsi zuten berriz ere okupatzea saihesteko, baina gaztetxea, gazteen etxea izango zenaren ametsa egi bihurtzeko gogoa ez zuten itzali.
Gaur egun liburutegia dena, aurretik kuartel izandakoa, okupatu zuten ondoren; Olibet auzoko egoitza heldu zen gero, baina hura bilerak egiteko baino ez zuten baliatu; eta azkenik, Gecotor lantegia zenaren bulegoen eraikina eskaini zien udalak gazte asanbladan ari ziren garaiko gazteei. 1995eko ekaina zen; gogotsu hasi ziren hura egokitzen.
Bost urte iraun zuen Zabala Enea I gaztetxeak; hirigintza planeamenduan zegoen eraikina eta udalak, bota behar zuela eta, beste aukera batzuk eskaini zizkien gazte asanbladako kideei, eta Gaztañoko parbularioa bihurtu zen gaztetxe berria, Zabalenea II. Hogei urte bete zituen iaz Zabala Enea II Gaztetxeak, eta nahi bezala ez COVID-19agatik, baina ospatu, ospatuko zuten urteurrena.
Hogeigarren urteurren horren barruan egindakoen artean dokumentala osatu dute gaur egun gaztetxean ari diren gazteek. Gazte asanbladako kide izan diren belaunaldi ezberdinetako hainbat ordezkarirekin osatu dute, haien kontaketarekin ibilbide osoa biltzeko. Dokumental hori orain, salgai jarri dute gazte asanbladako kideek, 5 euroan. Interesdunek, sare sozialetatik egin behar dute eskaera, instagram, facebook eta twitter bidez, zehazki, edota posta elektronikora mezua idatzita.