Mantsoago, lezoarren segurtasuna bermatzeko asmoz
Lezoko Udalaren ekimenez eta herritarren eskaerei bide emanez, Elias Salaberria hiribidean ibilgailuen abiadura gutxitzeko kontrolak egiten hasi dira aste honetan.
Astelehenekoa da irudia, Elias Salaberriakoa. Trafiko dezente, ia beti bezala. Lezoko ibilgailu trafiko emari handiena Elias Salaberria nahiz Jaizkibel hiribideek jasaten dute; azken honetan batez ere Altamirako biribilgunearen eta Elias Salaberriaren artean. GI-2638 errepidea partekatzen dute bi hiribideek.
Autoen presentzia oso nabarmena izaten da Gaintxurizketako industrialdeko enpresetan lanaldiak hastear edo bukatu berri direnean. Eta kamioien trafikoa ez da nolanahikoa. Kutsadura (atmosferikoa eta akustikoa) iturri ere bada errepidea. Lezoko Udalak fokua Elias Salaberria hiribidean jarri du.
Izan ere, bertako bizilagunen kexak medio, handik joan-etorrian diren ibilgailuen abiadura mantsotzeko neurriak iragarri ditu, tartean, Ertzaintzaren kontrolak. Astelehenean ziren hastekoak zaintza berezituarekin.
Astelehen arratsaldean izan zen Hitza Elias Salaberria inguruan. Trafikoa, nabarmena. Kontrolik ez, momentuz. Gaintxurizketatik maldan behera datozen ibilgailuei kosta egiten zaie maiz balaztari eragitea, are gehiago semaforoa berdean badute.
Harantz doazenek, berriz, motorrei indarra ematen diete hasierako maldari eroso ekiteko. Bitartean, Juli Etxezarreta, bi lagunen konpainiarekin, paseoan zebilen handik. «Batez ere kamioiak pasatzen dira hemendik. Asko. Industrialdea hor dago, eta izugarria da kamioen presentzia. Echemar enpresaren egoitza dago Gaintxurizketan. Kamioi asko daude», iritzi dio Etxezarretak.
Ados daude hura eta harekin zihoazen bi lagunak trafikoa arautzeko neurri zorrotzagoak ezartzearekin, «zerbait egin behar da. Arriskutsua da oinezkoentzat batzuetan».
Elias Salaberriatik harago
Goio Dominguez alabarekin eskua emanda dator ikastetxetik. Etxe aldera doaz, Elias Salaberriako hasierako (Gaintxurizketako noranzkoan) espaloi estutik. «Ados nago neurriak hartzearekin. Haurra laguntzeko eskolarako joan-etorria espaloi honetatik egiten dugu hobeto datorkigulako.
Bihurgunea dago inguru honetan, espaloia estua da, eta ibilgailu askok dezenteko abiadura daramate hemendik. Badu arriskua, hori ezin uka».
Dominguezek zehaztu duenez, kiroldegi ondoko autobus geltokian ere arrisku egoerak sortzen dira, Donibanerako noranzkoko geltokitik herritarrek errepidea zebra-bideraino joan gabe (hamar metrora dago) pasatzen dutelako, zuenean kiroldegi aldera iristeko. «Hori ere begiratu beharko litzateke».
Juanjo Sistiaga arin, maldan behera dator paseoan bikotekidearekin. Elias Salaberrian ibilgailuen abiadura gutxitzeko ezar daitezkeen neurriak ontzat ematen ditu. Baina auto nahiz kamioien abiaduraren gaia ez du hara soilik mugatu, «Jaizkibel hiribidean ere azkar-azkar ibiltzen dira». Balizko soluzioen gaineko gogoeta egin du hein berean Sistiagak.
Adibidez, radarrak aipatu ditu: «Aldundiarena da errepide hauen ardura. Mendixkak edo badenak jartzea zaila da, istripuak eragin ditzakeelako, eta kamioi asko dabiltzalako. Baina niri ez gustatu arren, abiadura neurtzeko radarrak jartzea soluzio bat izan daiteke. Isunen aurrean jendeak erantzuten du».
