Asteburuko emaitzak: garaipen bikoitza Pasaiako futbolarientzat
Antxo A.F.-k abantaila handiko garaipena lortu eta agur hunkigarria izan du asteburuan. Pasaia K.E.-k multzoko lehen postua berreskuratu du.
Asteburu borobila izan dute Pasaian lehian ari diren bi kirol elkarteek, batak etxean eta besteak kanpoan, garaipena lortu baitute. Azken puntu horiekin sailkapeneko postu gorenenetan daude zuri-gorriak, ligako lehen fasea amaitzear den honetan.
Antxoko Areto Futboleko jokalariek etxean eman zuten aurpegia larunbatean, Alipendi Zalditxo taldearen kontra 6-1 irabaziz. Garaipenak abantaila handia eman die zuri-gorriei, sailkapenean hirugarren jarraitzen badute ere, puntu batek besterik ez baititu aldentzen lehen eta bigarren postuetatik (lehen bi taldeek 22 puntu dituzte, eta pasaitarrek 21).
Azken partida hunkigarria izan da, garaipenagatik ez ezik, Mauro Ayerza Bustamanteren agurragatik ere. Antxo A.F.-ko jokalariak taldea utziko du 2.b mailan dagoen Otxartabe taldeko jokalari bihurtzeko. Harena izan zen laugarren gola eta taldekideek agur berezia egin zioten larunbatekoan: “Ohore bat izan da zu bezalako pertsona bat gure familian lau urtez izatea”.
Pasaia K.E.-k lehen postua berreskuratu du asteburu honetako garaipenarekin, Azpeitian irabazi baitiote 2-3 Lagun Onak taldeari. Gauzak horrela, eta Urdulizen galtzearekin (joan den astean lehen postua zuten horiek), Pasaiak multzoko aurrea berreskuratu du, hiru puntuko abantailarekin.