Cristobal Gamongo patioko estalkia diseinatzeko proiektua martxan
Hiru hilabeteko epea du enpresak estalkia diseinatzeko.
Errenteriako Udalak Cristobal Gamon ikastetxeko kirol pista babestuko duen estalkia diseinatzeko proiektuaren idazketa kontratatu du. 2019-2023 agintaldirako planean jasotako proiektuetako bat da Cristobal Gamon ikastetxeko jolasgunea estaltzekoa.
Kirol pista estaltzeak aukera emango du aire zabalean eskolak, kirol jarduerak, eta beste edozein ekitaldi garatzeko. Pandemia testuinguruak egrian utzi du halako espazioen beharra eta proiektu horrek begirada gazteengan jarri duela nabarmendu du udalak.
Proiektua Antero Fernandez Arquitectos SL enpresak idatziko du eta hiru hilabeteko epea izango du.
Estalitako jolasgunea eskola ordutatik kanpo eta asteburuetan auzotarrei zabalik izango da, egun Koldo Mitxelena Herri Eskolakoa dagoen bezala. Ez da halako proiektu bakarra agintaldiaren barruan; datorren urtean, Koldo Mitxelena Herri Eskolak Agustinetan duen Markola egoitzako jolasgunean estalkia jarriko du udalak.