Oiartzungo jatetxe eta tabernak bihartik itxita
Ostiraletik atzora, COVID-19aren tasa ez da 500etik jaitsi, beraz, Jaurlaritzak eremu gorrian dauden udalerrien araudia ezarri du Oiartzunen.
Ostiralean sartu zen Oiartzun COVID-19aren eremu gorrian, hau da, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa 500dik gorakoa duten udalerrien zerrendan. Asteburuan zazpi positibo gehiago izan dira herrian, eta horrek ez du ahalbidetu tasaren jaitsierarik (520en dago).
Beraz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du jada ezarriak zeuden murrizketei, eremu gorrian daudenak gehitzea herrian: jatetxeek eta tabernek ateak itxi beharko dituzte, eta besteak beste, Eskola Kirolaren barruko jarduerak bertan behera utzi beharko dira.
Oiartzun osasun larrialdi egoera goreneko eremuan ostiralean sartu arren, baina gaur arte ez du erabaki Jaurlaritzak (bihar, asteartea, indarrean sartzeko) bertan egoteak dakarren murrizketa sorta gauzatzea. Izan ere, erabaki horiek astelehen eta ostegunetan hartzen dituzte, egun horretan dauden tasen arabera. Hortaz: ostegunean, Oiartzunek 500dik beherako tasa balu, ostiralean ateak zabaltzeko eskubidea lukete jatetxe eta tabernek.
Elorsoro kiroldegia
Udalak oharra bidali du jakinarazteko Elorsoro kiroldegiko tenis edota padel pistetan ezingo de erreserbarik egin, eremu gorrian dagoelako herria. Edonola ere, kiroldegia zabalik egongo dela jakinarazi dute, musukoen erabilera derrigorrezkoa izanik. Jarduera bizia den unean musukoa kentzeko aukera dago.