Pentsioen kontura negoziorik egitea ez dute onartuko
Pentsio sistema publikoa babestera deitu dute; elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 12:00etan Herriko Plazan.
Duintasunaren manifestazioa. Beste borrokaldi batean sartu da jubilatu eta pentsiodunen mugimendua. Toledoko Gutunaren gomendioak dituzte jomugan, horiek adinekoei baldintzei eta zahartzaro duinerako eskubideari eragingo diotelako. Legebiltzarrera heltzear dira gomendio horiek, pentsioen lege berri bat egiteko.
“Erne egotea dagokigu—esan dute— gure ahotsa helaraztea, langileen mugimenduarekin batera presioa egitea negoziazio hori ez dadin berriro eskubide murrizketa izan, baizik eta pentsio sistema publikoaren hobekuntza”. Hori da, pentsio sistema publiko duin eta sendoa, zahartzaroan bizitza duina bermatzeko tresnarik onena, eta denaren gainetik babestuko dute, asko dutelako jokoan.
Europako Batasunak ematen duen dirua jasotzeko ezinbesteko baldintza Bruselara bidalitako pentsioei buruzko neurria ondokoak dira: erretiro aurreratua hartzeko aukera gogortzea, eta erretiroa atzeratzen laguntzea; pentsioa kalkulatzeko urte tartea luzatzea; iraunkortasun faktorea definitu gabeko belaunaldien arteko ekitate faktore batekin ordeztea. Gobernuak, gainera, pentsio pribatuen plan osagarriak bultzatzeko konpromisoa hartu du, sustapen publikoko eta kudeaketa pribatuko funtsa bat sortuz pentsiodunen mugimenduak salatu duenez, “pentsioak pribatizatzeko urrats irmoa”.
Plan pribatuak inposatu nahia egotzi dio pentsiodunen mugimenduak Europako Batasunari, “solidarioak eta seguruak ez direnak, espekulazio finantzieroan oinarritzen baitira eta desberdintasuna eragiten baitute. Funts horiek kasu batzuetan, adinekoen egoitzetako jabeak dira eta langileak esplotatuta dituzte, edo Azorak bezala pisuak erosten dituzte, errentagarritasun bila, maizterrak kaleratuz”.
“Eraso eta xantaiatzat” jo ditu pentsiodunen mugimenduak neurri horiek, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela gizarte osoak erantzutea esan du, “egungo pentsioak daude jokoan, hurrengoak, eta urrunagokoak ere”. Horregatik, kalera deitu du Duintasunak larunbatean 12:00etan Herriko Plazan, “pentsio publiko duinak defendatzera”.
