Ez
Arratsalde on, Ainhoa. Urko naiz, Hitza-tik. Urtarriletik aurrera paperezko edizioa eraberrituko dugu, eta zutabegile izan zaitezen nahi dugu. (Barkatu? Ni? Nolatan? Hau nahastu egin da. Ziur.) Sei astean behin izango da, idatzi laburra. (Baina, nik ez dakit idazten!) Erraz egingo duzu, ikusiko duzu. Gainera, Zeorri!-n zabiltza buru-belarri. (Ez daki zuzendu besterik ez dudala egiten. Kar-kar-kar. Ze ona). Beno, zer? Animatuko zara? Di-da egingo duzu.
Egunkaria zabaldu eta plast: «Espainiako Gobernuak ezetz esan dio Urkulluri». Irratia piztu eta plast: ezetz esaten jakiteko ikastaro baten berri. Gurasoekin bazkaldu eta plast: Ainhoa, beste hori ere bai? Esazu ezetz zure hobe beharrez, mesedez. (Baiaren eta ezaren arteko guda. Egin nahi dut, baina ezin. Denboraz oso larri nabil. Eta, gainera, ez naiz ausartzen. Erabaki dut, ez).
Kaixo, Urko. Erabaki dut, eta azkenean egingo dut. (Berriro. Kaka zaharra. Noiz ikasiko ote dut? Ezetzak inguratzen nauen arren, ezin ezetz esan).
Badirudi hobe dela baietz esatea ezetz esatea baino, eta bigarrena kosta egiten zaigula solaskidearen erreakzioaren beldur. Baina uko egiten ere ikasi egin behar da. Ikasi, berez, eskolan ikasi beharko genuke, hala jasotzen baitu curriculumak: «Ezezkoa ematea erabakitzen denean, ezetz esaten jakin egin behar da», eta, ondoren, ezetz esateko zenbait jarraibide. Hori eta beste hamaika konpetentzia lortu gabe. Inkonpetentea ni.
Duela gutxi entzun nuen Telmo Irureta irratian, ezetz esateko moduen inguruan hizketan. Denak aitzakiak, apaindurak eta esperantza faltsuak. Zeinen erraza zatekeen nuklearrik ez, eskerrik asko esaldia hartu, ezetza nukleo bihurtu, eta besterik gabe ez, eskerrik asko ahoskatzeko adorea biltzea. Edota, ezetz esaten ez badakit, nik besteei ere ez eskatzea. Eta, hala ere, eskatu eta eskatu jarraitzen dugu laguntasunaren izenean musu-truk. Eta, era berean, gaizki sentiarazten gaitu ezetz esateak. Azkenik ez duen istorio amaigabea bailitzan.
Duela bizpahiru aste zeharo etsita irten ginen hamar bat gazte Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren inguruko dokumental bat ikustetik. Irudi haiek ikusita, deus ez egitearen sentsazioak blaitu gintuen. «Sorkuntza da gure iraultza», esan zidan orduan lagun on batek. Akaso, horregatik sinesten dut halakoetan ezetzak badezakeela. Ukazioa legetzat hartuta baino, ezaren gudaz baietza sortuta egingo dugula aurrera. Hortxe topatu dut, beraz, baietz esateko arrazoia: ezetza. Elkarlanean eraikitako proiektuek ahalbidetuko baitigute gu geu izatea, besteen gu izan gabe. Pixkanaka lortuko dut Leire Bilbaoren «ikasiko duzu ezetz esaten. Zeure buruari». Bitartean, artelan irudituko zait ezetz esatea.