2020an, 20.000 kilo hondakin organiko konpostatu dira Lezon
Aurten konposta guneetara zortzi bisita egingo dituzte adituek. Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei egindako ahaleginagatik.
Lezoko 176 konposta kideek hondakin organikoen 20.000 kilo konpostatu zituzten iaz. Lezoko Udalak emandako datua da. Iaz etxebizitza-erabiltzaile kopuruak jaitsiera txikia izan arren (67tik 65) oso baikor baloratu du udalak emaitza hori, eta eskerrak eman dizkie zeregin horretan dabiltzanei. Altamiran, Andreonen, Aralaren, Arretxenen eta Lopenen daude Lezoko konposta guneak.
Udal erakundeak bildutako datuen arabera, iaz konposta guneetara adituek egindako bisiten kopurua hazi egin zen (zortzi orotara, 2019arekin alderatuz bi gehiago), eta horrek ahalbidetu du, besteak beste, zifra horietara iristea. Gainera, Aralar eta Lopeneko konposta guneak eraberritu egin ziren, konpostagailu handiagoak jarriz: bakarkako guneak, taldekako bihurtu zituzten. Gainera, konpostaren kalitateak aurrera egin duela jakinarazi du udalak, adibidez, nahasketen batez bestekoan eta tenperaturan.
Osasun egoeragatik ezin izan zen egin urte bukaerako balorazio bilera. Edonola ere, balorazio txostena egina dago eta Lezoko Udalaren webgunetik lor daiteke.
2021ean, zortzi jarraipen bisita
Konpostagailuen erabilera egokia bermatzeko eta egitasmoari bultzada emateko, aurten, herriko konposta guneetara adituek zortzi bisita egingo dituztela jakinarazi du udalak: otsailean, apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan, urrian eta abenduan izango dira. Hil horietako azken asteazkenetarako prestatu dituzte bisitak (09:00etan, 45 minutukoak). Honako hurrenkeran egingo dituzte jarraipen agerraldiak adituek: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.
Informazio gehiago izateko, erabili bide hauek:
- Whatsapp-ez: 647 057 402.
- Posta elektronikoa (klik egin helbidea eskuratzeko)