Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko bidean urrats bat gehiago
Udalak 21 plaza betetzeko LEP Lan Eskaintza Publikoa aurkeztu du gaur goizean. Alazne Korta Giza Baliabidetako zinegotziak aletu ditu lan eskaintza horren gainekoak.
Otaegi, Korta eta Gartzia gaur goizeko agerraldian. Udalak 21 plaza betetzeko LEP Lan Eskaintza Publikoa aurkeztu du gaur goizean. Alazne Korta Giza Baliabidetako zinegotziak aletu ditu lan eskaintza horren gainekoak, Aizpea Otaegi alkatearekin eta Maite Gartzia EH Bildurekin batera Gobernu Taldea osatzen duen Elkarrekin Errenteria alderdiko ordezkari eta zinegotziarekin batera egin duen agerraldian.
Joan den abenduaren 15ean onartu zuen udalbatzak, Negoziazio Mahaian udal gobernuaren eta alde sindikalaren arteko akordioa lortu ostean.
Udalean dagoen aldi baterakotasun tasa jaitsi nahi dute Lan Eskaintza Publikoaren bidez; zehazki, beteko diren 21 plaza horiekin sei puntuan egingo du behera Errenteriako Udalean. Aldi baterakotasun tasa ohikoa baino altuagoa dugula esan du Kortak, “azaldu beharra dago, urteetan legez muga bat izan dugula Lan Eskaintza Publikoak deitzeko, eta bai guk, bai administrazioak, orokorrean, muga hori dela eta dugu aldi baterakotasun altua”.
Gauzak horrela, aurkeztu dute LEP-ren bidez egungo %36tik %30era jaitsiko da aldi baterakotasun tasa Errenteriako Udalean. Lanpostu eskaintza horrekin eta datozen urteetan onartuko direnekin enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortu nahi duela udalak nabarmendu du Giza Baliabidetako arduradunak, “udalerriak dituen erronkei eremu publikotik erantzun egokia emateko”.
Legeak uzten duen markoan egindako LEP dela behin baino gehiagotan nabarmendu du Kortak, eta horren gainean zehaztapenak ere eskaini ditu: “Azken aldian behin eta berriz ikusten eta entzuten ari gara prentsaren bidez interinitatearen eskubideen gaineko informazioa. Hauek dira momentuz legeak uzten dituen aukerak, behintzat onartuta daudenak LEP ateratzeko; bihar beste marko bat izan daiteke eta hori aztertzen joango gara hurrengo deialdiak egin aurretik. Gaur aurkeztu dugun hau, legeak uzten duen marko horren barruan egin dugu. Horrekin esan nahi dut, hurrengoa ateratzen dugunean saiatuko garela ez dadin urtekoa izan, baizik eta plangintza bat edukitzea, 2021-2024 urteen artean zein lanpostu aterako ditugun bilduko duena”.
Azken hori barne antolaketa eta funtzionamenduari begira garrantzitsua dela esan du, “dagoeneko egiten ari garen barne mailarekin lotuta doa; udal sail bakoitzaren argazkia egiten ari gara egoera aztertuta eta helburuak finkatuta, horren araberako deialdiak egiteko”. Eta udalaren barne funtzionamendurako garrantzitsua bada, herritarrentzat ere hala dela gaineratu du, “horrela jakitea izango dutelako zer Lan Eskaintza Publikoa eta noiz aterako den”.
21 lanpostu, arlo askotarikoak
Gaur aurkeztu duten LEP-k 21 funtzionario lanpostu aurreikusten ditu: 9 txanda irekian beteko dira; 6 txanda irekian (kontsolidazio-egonkortzea); 1 desgaitasun-erreserba txandan; eta 5 txanda mugatuan edo barne promozioan. “LEPak hainbat kontu uztartu nahi ditu —erantsi du Kortak— herritarrek enplegu publikorako berdintasunean sarbidea izateko duten eskubidea; egungo aldi baterako langileen egonkortasuna; eta, karrera funtzionario direnek ibilbide administraborako duten eskubidea”.
Horrenbestez, txanda irekian hamabost plaza eskainiko ditu udalak: txanda ireki arruntean 9; kontsolidazioan, 1; eta aldi baterako enplegua egonkortzeko, 5. Txanda ireki arruntean lanpostuak honakoak: bi informatika teknikari; lau gizarte langile; hezkuntza eta gazteria teknikari bat; ikus-entzunezko eta agertokietako arduradun tekniko bat; ofizial iturgin bat.
Txanda irekian kontsolidazioan: Ofizial iturgin bat.
Txanda irekian aldi baterako enplegua egonkortzeko: Agiritegi eta argitalpen buru lanpostu bat; Hiru Mantenuko arduradun orokor lanpostu bat; itzultzaile-interprete bat; prebentzio teknikari bat; eta ofizial iturgin bat.
Desgaitasun erreserba plazan Gizarte langile baten plaza eskainiko du LEPk. Azken, txanda itxia edo barne promozioan, honakoak dira lanpostuak: Bi udaltzaingo agente lehen; udal ondare eta zerbitzuetako arduradun bat; elektrikari zerbitzuburu bat; biltegizain bat.
Epeak. Horren berri ere eman du Kortak gaurko agerraldian. LEP eta plaza bakoitzerako hautaketa proben deialdiak 2021ean eta 2022an egingo ditu udalak, eta horien gaineko informazioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratuko dira.
