«Eskularru eta maskarak itsas hondakinen arazoa larriagotzen ari dira»
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza egitasmo eta proiektuak garatzen ditu, Pasaia inguruko itsas ondarea kontserbatzeko jarduerak gauzatzeaz gain.
Pandemiaren hasieratik zein aldaketa atzeman dituzue jasotako zaborrean?
Itsasoan edota kostaldean agertzen diren hondakinak lurrean ditugun ohituren isla dira. 2019tik hilabetero joaten gara boluntarioekin Alabortza senadiko hondakinak jasotzera eta beti aurkitzen ditugun hondakinez aparte, ekitaldi berezi bat ospatzen bada, honen ondorioz sortutako zaborra ere agertzen da.
Etxeko konfinamendu garaian, erosketak egitera ateratzen nintzenean, oso triste eta haserre jartzen nintzen lurrean ikusten nituen musuko eta erabilera bateko hainbeste eskularru ikusita. Argi neukan, horiek guztiak, haize bolada batekin, estoldetara edo zuzenean ibaira iritsiko zirela, itsasoan bukatu arte.
Etxeko konfinamendua bukatu ostean, lanera itzuli ginen Zero zabor uretan kanpainarekin. Nola ez, musukoak eta erabilera bateko eskularruak non-nahi aurkitu genituen portu guztietan eta egoera hori udaratik ez da aldatu; gaur egun, itsasoko zaborra biltzeko edozein jardueratan birusaren ondorioz sortutako hondakinak agertzen dira.
2020ko irailetik dago martxan Seabin itsas zaborrontzia. Zer jasotzen du?
Pasaiako badian, itsas hondakin handiei dagokienez (5 mm-tik gorakoak) plastiko zati identifikaezinak dira gehien aurkitzen ditugunak. Hau da, orain dela urte batzuk norbaitek erabilitako plastiko zatiak, itsasoan urteak daramatzatenak.
Sekulakoa da hemen zigarro punten kantitatea, eta paketeen plastikozko bilgarriak.
Gero, litxarkeriekin zerikusia dutenak eta belarrietako kotoi-zotzen plastikozko makiltxoak ere agertzen dira. Pasaian, batez ere eta alde handiarekin, gehien aurkitzen dituguna dira poliespan zatiak. Ehundaka harrapatzen ditu Seabin-ek egunero.
Zein kalte sor ditzakete hondakinek?
Musukoak gaizki kudeatuz gero, ingurune naturalera irits daitezke eta hango izakietan inpaktu negatiboak sortu: Alde batetik inpaktu fisikoak, musukoekin korapilatu baitaitezke, eta irentsiz gero, hiltzeko arrisku zuzena dute.
Gainera, musukoen goma solteak hegazti batzuek janaria zela pentsatuz irentsi dituzte. Bestetik, musukoek, gainerako hondakin plastikoek bezala, kutsadura kimikoa ere suposatzen dute, horien gehigarri kimikoak uretara eta izakien gorputzetara pasa daitezkeelako.
Musukoak zakarrera bota aurretik gomak erditik moztea komeni da, baina beti musukoari lotuta utziz. Horrela, inguruan bukatzen badute, izakiak ez dira horrekin korapilatuko, eta, gainera, gomak solte egon gabe hegaztiek ez dituzte zizareekin konfundituko.
Dena den, hondakinik onena sortzen ez dena da, eta alternatiba jasangarriagoak erabil daitezke: maskara berrerabilgarriak.
Kontsumo eta hondakinen sorkuntza erritmo handia, hondakinen kudeaketa eta birziklatze sistema ez eraginkorra, naturan hondakinak borondatez uztea, eta kontzientziazio falta direla eta, gaur egun, 10-12,7 milioi tona plastiko iristen dira urtero ozeanoetara.
Eskularru eta maskarak itsas hondakinen arazoa larriagotzen ari dira. Musuko batek, batez beste, 450 urte tardatuko du mikrofibretan degradatzen, baina, edozein plastiko bezala, ez da inoiz guztiz desagertuko ingurunetik.