[Aurrerapena] Mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimendu du Jaurlaritzak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrien arteko mugikortasuna baimenduta egongo da jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Neurria astelehen gauean sartuko da indarrean.
Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi berri duenez, koronabirusaren eraginari aurre egiteko indarrean dagoen dekretuan aldaketak egingo dituzte, mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimentzeko hainbat kasutan. Labiren batzarrean hartutako erabakia izan da. Astelehenean izango dira indarrean neurri berriak.
Mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimenduta egongo da jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko.
Udalerrien itxiera perimetrala mantenduko bada ere, baimenduta egongo da udalerrien artean mugitzea kasu hauetan: lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala egiten duten taldeen entrenamenduetarako eta lehiaketetarako; eremu gorrian ez dauden udalerrien arteko joan-etorriak baimenduta egongo dira, halaber, federatutako kirolarien lehiaketa eta entrenamenduetarako, eskola kiroletako entrenamenduetarako, eta gimnasio, kirol klubetako edo kiroldegietako ikastaro edo jardueretan parte hartzeko.