Atmosferako CO2a gorenean, eta garraio publikoaren atzerapausoa
Atmosferan kontzentratutako karbono dioxidoak maximo historikoa jo zuen 2020ko maiatzean, etxealdi bete-betean. Garraio publikoa krisian dago.
Aurrekaririk gabeko pandemiak milioka pertsona etxean giltzaperatu zituen. Kaleak hutsik zeuden. Kotxeak parkinetan geldirik. Hegazkinik ez zen zeruan. Fabriken tximinietako kea desagertu edo gutxitu zen. Energia gehien kontsumitzen duten sektoreak bat-batean pausatu ziren.
Pentsa liteke, beraz, itxialdiak ezer ona izan bazuen, kutsaduraren gutxitzea izan zela. Baieztapen hori hein batean da egia, izan ere, CO2 isurpenek behera egin zuten, baina, sinesgaitza dirudien arren, atmosferan kontzentratutako karbono dioxidoak maximo historikoa jo zuen 2020ko maiatzean, etxealdi bete-betean.
Nola da hori posible? Aurrenik, gasaren emisioa desberdindu beharra dago horren kontzentraziotik; lehenak behera egin bazuen ere, ordurako CO2 metaketa erraldoia zegoen atmosferan.
National Geographic-ek analogia bat proposatu du egoera ulertzeko: atmosfera bainuontzi bat da, eta bertako ura karbono dioxidoa. Gizakion isurtzeak txorrotatik ateratzen den ura dira. Ozeanoa eta lurra —CO2a apurka xurgatzen dutenak— hustubidea dira, baina hodia estua denez, txorrotatik irteten den uraren erdia besterik ezin dute hustu.
Emisioen gutxitzeak ur txorrota %17an ixtea suposatu zuen, baina bainuontzian oraindik ur asko zegoenez, tantek kantitatea handitu besterik ez zuten egiten. Ondoriozta liteke, beraz, konfinamendurik existitu ez balitz, maximo historikoa askoz ere altuagoa izango zela, baina etenaldiak ere ez du saihestu zifra horretara heldu izana.
Ebazpena txorrota hori txikitzean datzala uste du Eguzki taldeko kide den Garikoitz Plazaolak, eta horretarako, ezinbestekoa da gobernuek hartarako neurriak hartzea; garraio publikoan jarri du hark giltza: koronabirusagatik garraiobidean ezarritako mugei (maiztasuna, edukiera…) norbanakoen beldurrak batu zitzaizkion, ordu gorietako jende pilaketak medio.
Hainbestekoa izan zen erabileraren jaitsiera, ezen garraiobide publikoaren erabilera ia erdira jaitsi zen birusa gurera heldu zenetik.
Plazaolak uste du osasun larrialdiak bigarren mailan utzi duela klima larrialdia, lan handia hutsera botaz. «Adinean aurrera goazenok ezagutu ditugu beste garai batzuk», aitortu du, gogora ekarriz autobusak ordutegi zehatz bat betetzeko arazoak zitueneko urteak, «jende askoren lan eta inplikazioari esker lortutako guztia neurri batean pikutara botatzen ari gara».
Hark faltan bota ditu krisialdiaren kudeaketan «garraio publiko eraginkor eta seguru bat» bermatzeko ahaleginak instituzioen aldetik. Argi dauka esfortzu eskasiaren ondorio dela, egun, edonork ezagutzen duen errealitatea: «Denok ezagutzen dugu norbait garraio publikoa erabiltzen zuena, eta pandemiaz geroztik pribatua hobetsi duena».
Eguzkiko kideak bere burua zuzendu du hasierako aipamenen gainean, salatuz, garraiobidearekin lotuta edo ez, bainuontzia betetzen jarraitzen duen txorrota txikitzen ahalegintzeko lana, orobat, ez dela soilik bigarren edo hirugarren maila batean utzi: «Esango nuke ez zaiola inongo garrantzirik eman».