Zalantzaren alde
Esateko ez dakit asko dugun baina esateko bide asko ditugun garai honetan, badirudi egunkarietako Zuzendariari gutunak ibiltariak garela. Edo, txioen ordez, katedratikoenen pareko diren konferentziak kantatzen dituzten txori hegalik gabeak. Edo zientzia, ezagutza, egia zabaltzeko ahalegin zintzoan telebistako pulpitutik diharduten tertuliakide prestuak. Parekoak hitz bat esan orduko, oharkabean bezala jariatzen zaigu —errebelazio jainkotiarren bat, akaso?— horren inguruko diskurtso arrazoitu sofistikatua, bateko datu eta besteko estatistika. Ilustrazio garaian zenbat lan jakintza guztia bilduko zuen Entziklopedia taxutzen, eta, hona hemen gu, Youtubeko bi bideo eta Interneteko hiru artikulu irakurrita, zernahiri buruz iritzia emateko prest, eta prest.
Ez nuke ezagutzaren tenplurik existitzen denik eta halakorik balego hori unibertsitatea, akademia edo dena delako instituzio pribilegiatua denik defendatu nahi. Baina ezagutza eta Egia jainkozko graziaz jasotako gutxi batzuen esku egotearen ifrentzuan urrutixko joan garela esango nuke; sasijakintsu gehixko gaudela. Honetaz, hartaz eta haren lehengusuaz ere badugu zer esana. Berdin digu gure parekoak gaia ikertzen hamar urte pasa duen; berdin digu gaiaz egindako libururik aztertu duen, aldizkariren bateko titularra irakurri, tabernako elkarrizketa entzun. Karaktere gutxiago edo gehiagorekin, monosilaboz edo monologoz, Gure Iritzia ematen dugu. Menua zabala da, gainera: honetaz diskurtso ofiziala defendatuko dut; hartaz, diskurtso alternatiboa; beste horretaz, bazterreko diskurtso ezkertiar progre ofiziala.
Egia da erantzunak beharrezko ditugula bizitzeko, baieztapen edo ezeztapen irmoak lasaigarri zaizkigula, galderen eta beldurren ateak aldi berean ixten ditugula. Baina, seguruenik, denoi egingo liguke mesede «honetaz ez dakit zer pentsatu», «hartaz zalantzak ditut», «beste horri buruz ez dakit zer esan» gehiagotan esateak eta entzuteak. Izan ere, urez beteta dagoen edalontzian tantarik sartzen ez den bezala, erantzunez gainezka dagoen gogoan zalantzarik eta galderarik ez da kabitzen. Eta, galderarik ezean, ez dugu erantzun berririk bilatzeko beharrik izaten, ez bestelako ikuspegien premiarik. Umetatik gogoa erantzunez betetzen ohitzen gaituzten arren, galdera gosea bultzatzea aberasgarriago izango genukeela iruditzen zait. Galderak egiten ere, ordea, ikasi egiten da.
Zalantza leku —deserosoa agian, baina— ederra da. Zalantzarentzat zirrikituren bat uzteak, erantzun gaindosiaren faltan, galdera gehiago egiteko bidea zabalduko liguke; txioak txoriei eta pulpituak apaizei itzularaztekoa; gehiago pentsatzekoa.