Larunbatean berrekingo dio ligari Allerruren gizonen taldeak
Añorgaren zelaian jokatuko dute lezoarrek. 2020ko urriaren 18ko asteburuan jokatu zuen taldeak ligako lehen partida, orain arteko bakarra.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoeraren barruko neurriek apaltzera jo dute. Horregatik, hainbat kirol konpetiziok berriz ere lehiari ekingo diote. Horien artean da Gipuzkoako futbola, zehazki, gizonen Erregional Ohorezko Maila. Bertan da Allerruren gizonen talde nagusia.
Urriaren 17an jokatu zuen Allerruk ligako lehen partida, koronabirusaren eragina indartu zelako azkena izan zena aldi berean. Orain, bigarrenari aurre egingo dio: larunbatean, 18:00etan eta Donostiako Rezola zelaian, Añorgari bisita egingo dio.
Jokatutako jardunaldi bakarrean bina egin zuen Allerruk Ordiziaren kontra Plazetan. Lehen garaipenaren bila joango dira, beraz, larunbatean.