Emantzipaziorako baliabideak gazteen eskura
Komunikazio kanpaina jarri du martxan udalak, gazteek eskura dituzten etxebizitza baliabideak biltzen dituena.
Errenteria-Oreretan 18 eta 35 urte arteko 6.300 gazte bizi dira. Horien emantzipazio adina, bataz beste, 30 urtekoa da. Aizpea Otaegi alkateak eman ditu datu horiek gaur goizean Eneko del Amo Garapen ekonomiko eta Hirigintza zinegotziarekin eta Maite Gartzia alkateordearekin batera egin duen agerraldian. Ondorio argia atera du, “oztopoz beteta dago etxebizitzarako sarbidea”.
Oztopo lasterketa hori arindu asmoz, komunikazio kanpaina jarri du martxan udalak, gazteek eskura dituzten etxebizitza baliabideak biltzen dituena. Aste honetan bertan jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde antolaketa ea etxebizitza sailak Arramendiko 51 gazteentzako zuzkidura bizitokiak esleitzeko prozesua zabalduko duela, eta hori baliatuta, esku orria osatu du udalak, Errenteria-Oreretako gazteek emantzipatzeko dituzten baliabideak biltzen dituena. Arramendiko zuzkidura bizitokien gaineko informazioarekin batera, gazteentzako etxebizitza komunitarioarena, eta gazteak emantzipatzea errazteko udalaren diru laguntza lerroarena jaso ditu udalak esku orri horretan, eta udalerriko 18 eta 35 urte arteko gazte guztien postontzietara bidali. “Badirudi ez dugula nahiko genukeen eraginkortasunez lortzen komunikatzea gazteekin, eta bada ezpada, dituzten baliabideen gaineko informazioa denek jasoko dutela bermatzeko komunikazio kanpaina hau egitea erabaki dugu”, azaldu du Otaegik.
Baliabideen gaineko zehaztasunetan sartu aurretik, Arramendiko etxebizitzen gaineko informazio bat nabarmendu du alkateak; horietan hautagai izateko ezinbestekoa da Etxebiden izena emanda egotea etxebizitza eskatzaile gisa Donostialdea-Bidasoa Behereko eremu funtzionalean, “dagoeneko izena emanda ez daudenei, beraz, izena ematea gomendatzen diegu prozesuan parte hartzeko ezinbesteko baldintza izango baita”.
Bizimodu duinak bermatzea duela xede udalak nabarmendu du Otaegik, “eta bide horretan dator kanpaina hau”.
Etxebizitza baliabideak gazteentzat
Hiru baliabide dira une honetan. Gazteak; kide bakarrak direnen kasuan diru sarrerak 4.500 eta 26.000 euro gordin artekoak izatea; elkarbizitza unitatea bi kide edo gehiagokoa bada, 30.250 eurotik beherakoak behar dute diru sarrerak. Etxebizitzarako sarrera laguntzen da, aldaketa gurasoen etxetik, tutorearen etxetik, edo gazteentzako etxebizitza komunitariotik egiten denean. Hilean ordaindu beharreko etxebizitzaren errentarako ere ematen dute laguntza. Laguntza horiek eskatzeko epea urtero zabaltzen da eta aurrerago emango du udalak aurtengo daten berri. 2019arekin alderatuta, 2020an laguntzen laukoitza eman zuen udalak diru laguntza lerro horretan, “eskatzen dena ematen da, eta handitzen ari da eskaera kopurua”.
Etxebizitza komunitarioa da beste baliabidea. Gazteen emantzipazio prozesuan lagungarria izan daitekeen proiektu komunitarioa da eta beste gazteekin elkarbizitza eta kooperazioa du oinarri. Gela bat alokatzen da eta parte hartzaileek komunitatean lan batzuk eskaintzen dituzte. Bertan bizitzeko baldintzak honakoak: 18 eta 30 urte artean izatea; Errenterian erroldatuta egotea; zergen ordainketan eta bestelako betebeharretan egunean egotea; etxebizitza propiorik ez izatea; urtean 26.000 euroko diru sarrerak izatea gehienez. 26 gela dira guztira bertan, eta une honetan 10 dira libre. Itxaron zerrenda bidez funtzionatzen ari da bertarako sarbidea une honetan eta lau urtez bizi daiteke bertako gela batean gehienez.
Alokairuaren kopurua, diru sarreren %15ekoa izango da gehienez.
Arramendiko alokairuzko zuzkidura bizitokiak dira hirugarren baliabide, gazteei begira. 51 apartamentu eraiki ditu Eusko Jaurlaritzak udalak utzitako lurretan. Hautagai izateko 36 urtetik beherakoa izan behar da, Etxebiden etxebizitza eskatzaile gisa erregistratua egon, Errenterian erroldatuta egon, aurreko bi urteetan jabetzako etxebizitzarik, azalera eskubiderik, edo gozamen eskubiderik ez izatea; eta 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru sarrera haztatuak izatea 2019ko errenta ekitaldian. 403 eskatzaile daude une honetan etxebizitza horietarako, agerraldian zehaztu dutenez, eta etxebizitza kopurua kontuan harturik zortzi gaztetik batek lortuko du sarbidea Arramendiko alokairuko bizitoki horietan, eskatzaileen kopurua ez bada handitzen. Horietan, gehienez, bost urtez egon daitezke.
Alokairuaren kopurua, diru sarreren %30ekoa izango da gehienez.
Etxebizitza komunitarioa zein zuzkidura bizitokiak emantzipazio bidean trantsizio baliabide gisa funtzionatuko dute, beraz. Arramendiko etxebizitzen kasuan, hiru lagunetik beherakoa izan behar du familia unitateak. 40 metro koadroko apartamenduak dira.
Lehenengo bi baliabideen gaineko informazio gehiago Gazteriaren web orrian, posta elektronikoan, 943 44 96 00 eta 943 44 96 06 telefono zenbakietan, eta Zu! Zure Udala zerbitzuan jaso daiteke; Arramendiko zuzkidura bizitokien kasuan berriz, Etxebideren web orrian, 012 telefono zenbakian edo Zuzenean Zerbitzuan (Andia kalea 13, Donostia) aurretiko hitzorduarekin.