Lezo eremu gorritik atera da
100.000 biztanleko tasa 493raino jaitsi da. Otsailaren 11tik zazpi kutsatu izan dira herrian orotara, horietatik bat atzo.
Koronabirusaren eragina apaltzen ari da Lezon. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa 500dik beherakoa da, atzoko datuak kontuan hartuta. 493an jarri da, hain zuzen ere, urtarrilaren 28an herriak zuen tasa berberean. Ia 1.200era iritsi zen otsailaren hasieran tasa hori.
COVID-19aren tasa, azken egunetan kutsatuak gutxitu direlako jaitsi da. Otsailaren 11tik atzora arte, zazpi positibo atzeman dira herrian, bakarra atzo.
Gauzak horrela, kirol esparruan izango du eragin gehien zonalde gorritik ateratzeak. Kirol taldeek entrenamenduak egin ahal izango dituzte, baita Eskola Kirolako saioak martxan jarri ere.