[Erreportajea] Aitortzaren argia, ahanzturaren kutxa gotorrari
Egiari Zor fundazioa historian ikusezin izandako biktimen memoria aitortzeko argi-izpi bilakatu da. Askoren oinazearen sendabide izan daiteke egia: «Beste inork ez dezala jasan guk jasan behar izan duguna».
Inor ez omen da hiltzen, beste norbaiten memorian bizirik dirauen artean. Horra hor memoriaren beraren garrantzia: besterentzen ez dena ez baita existitzen, ahanzturaren kutxan giltzapean herdoiltzen da, ezerezaren huts bilakatu arte.
Zer gertatzen da, orduan, norberaren azalean, erraietan eta amesgaitzetan soilik bizi den oinazearekin? Inork inoiz eragin, baina azken arnasa eman arte ukatutako bortizkeriarekin? Ez al da egiazkoa?
Egiari Zor fundazioa 2012an jaio zen, kutxa ilun hartan urte luzez ezkutuan gordetako saminaren argi-izpi gisara, ia ezereztutako kontakizun horiei herdoila kendu eta berpizteko. Jazo zenaren egia argitara ateratzeko, eta biktima izan zirenei aitortza eta erreparazioa emateko.
Fundazioak xede du Frantzia eta Espainiako estatuek eragindako orotariko biolentziak pairatu dituzten eskubideen alde lan egitea. Horretan dirau 2011ean ETAk iragarritako su etenak zabaldutako abagune historiko berriaren testuinguruan, bake prozesuaren alde.
Ainara Esteranek, Egiari Zor-eko bozeramaile eta torturak jasan zituen biktima bezala, sorreraren zioa azaldu du: «Biktima gisara, urteetan aitortza ofizialik jaso ez dugulako sortu ginen: estatuak monopolizatutako datuen artean ez ginen aintzat hartuak». Jasandako horren erantzukizunik inork ez baitu gain hartu gaur den egunean.
Ukazioaren aurka, ofizialtasuna
Isilean gordetako gehiegikeriak aitortzeko, fundazioak mozio bat aurkeztu du hainbat udaletan, 12/2016 Legearekin zuzenean lotuta dagoena. Euskal Autonomia Erkidegoan 1979 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legea da hori. Horren bidez, funtzionario publikoek beren eginkizunak betetzean, edo betetzetik kanpo, eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortuko dira.
Alabaina, biktima horien artean ez dira barnebiltzen bizitzan edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexualean arrastoa izan duten guztien izenak. «Marko integrala eta parekidea ez du ezartzen», Esteranen arabera. Kontrara, biktimen arteko diskriminazioa elikatzen du zigor berdinak jasan dituzten pertsonak ezberdin tratatuz, batzuei aitortza eta erreparazioa emanez, besteei ukatzen zaien heinean. Horrek arrakala nabaria sortzen du biktimen artean, asko batzuk ikusezin bihurtuz.
Ainara Esteran, Egiari Zor-eko bozeramailea: «Biktima guztiek, hildakoek eta bizirik daudenek, lekua behar dute memoriaren politika publikoetan»
Udalek errekonozimendu publiko hori ematea aurrerapausoa denik ez du ukatzen bozeramaileak; salatu du, ordea, biktima eragileen inpunitatea, edo bestela esanda: «Estatuaren babesean egindako milaka giza eskubideen urraketetan hartutako erantzukizunak desegin edo desagerrarazi nahi dituen negazionismoa». Zigortzaileak publikoki salatzen ez diren arte ezingo da lortu aitortzak dakarren mesede bikoitza.
«Batetik, arlo pertsonalean orain arte pairatu dugun ukazioa gainditzea suposatzen duelako jasandako giza eskubideen urraketen aitortza ofiziala jasotzeak», dio Esteranek. Sufritutako minaren «sendagarri» izan daiteke, haren ustez, aitormena bera.
Bestetik, «dimentsio kolektiboa» aipatu du, gatazkaren testuinguruan estatuaren indarkeriak urratutako giza eskubideen argazki osoa marrazteko pintzel gisara: «Gogora dezagun orain gutxi arte, estatuaren indarkeriaren biktimak ez zirela existitzen. Hortaz, errelato partzial hori apurtzeko baliagarria ere bada».
Memoria: sendabide eta irakaspen
Ez ziren existitzen, nahiz eta biktimen orbain eta mamuetan bizi, inork onartu ez dituelako. Euskal Herriko memoria historikoan lekurik egin ez zaielako. Guztiona beharko lukeena, «inklusiboa, non gizarte osoa integratuta sentitu behar den», muga alderdikoiek eta ikuspegi partikularrek manipulatu dutelako.
«Memoria guztiok bizi eta sufritu dugunaren oroitzapena izan beharko litzateke», sinistuta dago bozeramailea. Are gehiago: «Inoiz gehiago gertatu behar ez duenaren irakaspen beharko luke izan».
Hori da, Egiari Zor-en arabera, gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa garatzeko ezinbesteko den ariketa: «Biktima guztiek, hildakoek eta bizirik daudenek, beren lekua behar dute memoriaren politika publikoetan bizikidetza eraikitzeko». Eraikuntza hori egiatik abiatu behar da erreparazioa lortzeko: «Ezerk ez digu bueltan ekarriko galdu duguna, baina gertatutako guztiak bere lekua behar du izan memorian».
Ainara Esteran, Egiari Zor-eko bozeramailea: «Ezerk ez digu bueltan ekarriko galdu duguna, baina gertatutako guztiak bere lekua behar du memorian»
Barkamena norberarena da
Egiak eta aitortzak duten ahalmen sendagarria biktimagilearen barka eskeak izan dezakeenik ez dute uste: «Barkamena, eskatu edo eman, gertaera pribatu, intimo eta indibiduala da».
Biktimagileak, biktimaren erreparazio morala eskuratzeko, barkamena eskatu behar izateko baldintzak zigortzaileari boterea ematen dio abusuak sufritu dituen horren sendakuntzan. «Izan ere, bere esku uzten baitu barkamena eskatzeko erabakia eta, hortaz, baita biktima moralki erreparatzea ere», azaldu du Egiari Zor fundazioko kideak.
Aitzitik, minetik abiatutako bidea proposatzen du fundazioak, prozesu pertsonala. Erresilientzia aipatu du bozeramaileak, trauma bat nork bere kabuz gainditzeko gaitasun moduan, ingurukoen magalpean, betiere: «Mina bertute bilakatzean datza, gaindiezina zirudiena gainditzean».
Hartara heltzeko, ordea, prozesu bortitza du aurretik biktimak, kutxa gotorrean giltzapetutako bizipenak erreskatatu, eta erasotzaileen aitorpenera arte bide egiten duena, nazio oso baten memoria nahiz izana zimendatuz.
Ezinbestekoa da botere sistema guzti baten zapalkuntza jasan dutenak aitortu eta erreparatzea Euskal Herriko etorkizuna eraikitzeko. Iraganean gertatutakoaren memoria, bortxa berriro errepikatuko ez denaren berme onena baita. «Beste inork jasan ez dezala guk jasan behar izan duguna».