Alabortzan zabor bilketa egingo du Materrek igandean
Donibaneko senadiko ageriko hondakinak jasoko dituzte 11:00etatik 13:00era. Aurretik izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek.
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Alabortza senadia garbitzeko saioa antolatu du datorren iganderako -hilak 27-. Goizeko 11:00etan hasiko dira zonaldeko hondakinak jasotzen, eta 13:00a inguruan aurreikusi dute amaitzea.
Itsasoaren garbiketarekin eta ingurumenarekin orobat konprometituta daudenei, ekintzarekin bat egiteko deia egin die Materrek: “Itsas hondakinen kopuruak gora egiten jarraitzen du eta horri aurre egiteko zuen laguntza behar dugu. Aldaketaren partaide izan nahi duzu? Zatoz eta parte har ezazu hilabeteko azken igandeko topaketan”.
Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute posta elektronikoz edota telefonoz 619 81 42 25 zenbakira dei eginez.