Martxoaren 8ari begira, erakusketa, antzerkia eta hitzaldia
Egitarauarekin hasteko, martxoaren 4an Virginia Imazek 'Pronoia' antzezlana taularatuko du Gezala Auditoriumean, 19:30ean hasita.
Lezoko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean (Pasaia-Lezo Lizeoa, Lezo Institutua, Lezo Herri Eskola, Kuadrillategi, Lezoko osasun zentroa eta Gaxuxa) Emakumeen Egunari begirako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Horietan parte hartzeko gonbita egin diete lezoarrei, “guztion indarrak batuta, emakumeen eskubideen alde egiten jarraitzeko eta gizon zein emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzeko”.
Ekitaldiekin bat egiteko eskatzeaz gain, kolore morea soinean janzteko eskatu diete herritarrei.
Honakoak dira ekitaldiak:
- Martxoak 4, osteguna. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Pronoia antzezlana, Virginia Imaz pailazoaren eskutik. Antzezlan honetan Imazek, falozentrismoa, hizkuntzan dagoen sexismoa, bortizkeria fisikoa eta sinbolikoa, berdintasun erreala eta formala ditu hizpide. Proposamenak ezberdintasuna eta bortizkeria ditu oinarri, beti ere umore klabean.
- Martxoaren 8tik 13ra. Gaxuxa emakumeen elkartearen erakusketa Kultura aretoan. Martxoaren 8an (astelehena da) 17.00etatik 19.00etara zabalik, eta martxoaren 9tik 12ra 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta larunbatean 11.00etatik 13.30ak arte. Martxoaren 13an (larunbata) 11:00etatik 13:30era irekiko dute.
- Martxoak 17, osteguna. 19:30ean, Gezala Auditoriumean, Emagin elkartearen eskutik Agerikoak eta ezkutukoak: bizitzak erdigunean COVID-19 garaian hitzaldia. Koronabirusaren pandemiak emakumeengan edota berdintasunean izandako eraginak izango dituzte hizpide.
Antzerkirako eta solasaldirako sarrerak doan dira, baina sarreren erreserba egin behar da aldez aurretik. Hori egiteko Lezoko Udalaren webgunera joan.