Amazon Oiartzunen ezartzearen gaineko mozioa, aho batez Pasaian
Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek egin dute bat logistika zentro berriak Oiartzunen lur hartzearen aurkako adierazpenarekin.
Atzo egindako plenoan aho batez egin zuen bat Pasaiako Udalbatzak Amazonek Oiartzunen banaketa zentro bat ezartzeari buruzko mozioarekin. Alderdi guztietako bozeramaileek hartu zuten hitza erraldoiak tokiko merkataritzan nahiz langileen lan baldintzetan eragin litzakeen kalteak nabarmentzeko.
Podemoseko bozeramaile den Julen Rodriguezek eman zion hasiera hitzaldiari halako proiektuek tokiko merkataritzan sor litzaketen “ondorio suntsitzaileak” gogora ekarriz. Izan ere, dendari txikiek momentu latzenak pairatu behar izan dituztenean, Amazonen diru sarrerak nabarmen hazi direla adierazi du: “Badirudi guztiak balio duela lehiakidea zapaltzeko”. Enpresaren logistika zentroko langileen “miseriazko soldatak eta lan baldintza duinezak” ez zituen ahaztu.
EAJko Nahikari Oterminek argi utzi zuen Pasaiako Udalak ez duela finkapen berria debekatzeko eskumenik. Hark uste du Amazonek, bere horretan, ez duela eragingo komertzio txikien itxierarik, baizik eta aurretik Oiartzunen ezarrita dauden beste hainbat erraldoien -hala nola, Alcampo, Carrefour, Mercadona edo Leroy Merlin- joera areagotu dezakeela izatekotan ere. Jeltzaleak ez du uste herritarrek gehiago edo gutxiago erosiko dutenik tokiko dendetan Amazon baldin badator, izan ere, online erosketen banaketa zentroa izango da hori eta, beraz, “ez ditu tokiko erosketak baldintzatuko”.
Iraitz Pazos EH Bilduko bozeramaileak zuzenean erantzun zion aurrekoari, eskumenaren inguruan: “Ordezkari publiko garen heinean, Amazon eta bestelako erraldoien efektuak gutxitzeko edo leuntzeko neurriak hartu beharko genituzke; are gehiago, gure ardura da”. Horrekin, Pazosek tokiko langileak babesteko beharra nabarmendu zuen: “Merkatariak herriaren arima dira eta herriaren bizitza dira”.
Alderdi guztiek baiezkoa bozkatu ondoren hartu zuen hitza PSE-EEko Lore Suarezek, sozialistek uste baitute tokiko merkataritza ez dagoela prest Amazon bezalako esferen aurka lehiatzeko, eta hortaz, horiek zuzenean kaltetu litzakeela finkatze berriak. Suarezek ezinegona adierazi zuen bilkideen gobernu kudeaketarekin, izan ere, horiek baitira Oiartzungo gidaritza dutenak: “Hainbat alderdik, argiro, inbutuaren legea aplikatzen dute, hau da, zabalena gobernantza dudan udalerrietan eta estuena besteentzat”. Gogora ekarri ditu, Oterminek bezala, azken hamarkadetan Oiartzunen instalatu diren enpresa handiak.