Asteburu oparoa Gezala Auditoriumean
Bihar dantza, ostiralean haurrentzako musika-dantza saioa, larunbatean Buhameak Mañontziren eskutik, eta igandean antzerkia (sarrera agortuekin).
Ostegunetik igandera, bost kultur emanaldi jasoko ditu Gezala Auditoriumak. Arte eszenikoekin harremana dute guztiek, eta igandeko saioetarako kenduta, beste guztietarako sarrerak salgai daude Lezoko Udalaren webgunearen bidez.
Hasteko, bihar (osteguna) Amaia Elizaranek dantza ikuskizuna eskainiko du aretoko oholtzan. Block du izena saioak, eta 19:30ean hasiko da.
Ostiralean, haurrentzako musika eta dantza ikuskizuna. 17:15ean ekingo diote Xabier Lizaso musikariak eta Olatz Oribe dantzariak Do re ni family zabaltzeari.
Larunbatean, 19:30ean, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen Erik eta Win ikuskizuna, Buhameak taldearena. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariek emango diote zentzua saioari. Mañontzik antolatu du emanaldia.
Igandean, Galtzaileak-Losers antzerkiaren bi saio. Baina bietarako sarrerak agortu egin dira. Txalo konpainiako Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek umorezko antzerkia eskainiko dute.