Topoa lurperatzea premiazkoa dela erabaki du plenoak
Topoaren lurperatzearen gaiak luze jo zuen atzoko plenoan, eta eztabaida azkenean, berotu ere egin zen inondik inora ere ohikoa ez bada ere.
Topoaren lurperatzearen gaiak luze jo zuen atzoko plenoan, eta eztabaida azkenean, berotu ere egin zen inondik inora ere ohikoa ez bada ere. Moduak ez errespetatzea eta protagonismoa kontsentsuaren gainetik jartzea leporatu zion PSE-EEri Jose Manuel Ferradas Elkarrekin Errenteriako ordezkariak lehenik, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak ondoren, eta Aizpea Otaegi alkateak, azkenik.
Eguneko jorratzeko gaien artean, topoa lurperatzearen gaineko mozio bat zegoen PSE-EEk aurkeztutakoa, eta aldez aurretik agerraldian komunikabideei azaldutakoa. Horren aurrean, baina, mozio alternatiboa aurkeztu zuen Gobernu taldeak, EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriak aurkeztutakoa. Eztabaida luze, eta ohikoa baino beroago, eta azkenean gobernu taldeak aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera hamabost aldeko botoekin, eta sei abstentziorekin.
Isaac Palenciak aurkeztu zuen alderdi sozialistaren mozioa. Topoa lurperatzeko proiektua garrantzia bizikoa dela defendatu zuen Palenciak: “Topoa lurperatzeak Errenteriak duen trenbide orbaina ezabatuko du behin betiko”. Herriaren etorkizuneko garapenerako ezinbestekoa dela esan zuen, baita herritarren bizi kalitatea hobetzeko ere, “proiektua aurrera ateratzeko instituzio arteko elkarlana ezinbestekoa da, udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean aritu behar dute bi administrazio publiko horien artean akordio batera heldu eta 2011n jaurlaritzak berak onartu zuen proiektua aurrera ateratzeko”. 2015 eta 2016an bi mozio onartu zituela plenoak lurperatzearen alde eta ordutik ez dela gaiaz ezertxo ere aipatu erantsi zuen bere hitzartzean alderdi sozialistako bozeramaileak, “ez dakigu zein urrats egin dituen udalak”.
Mozio alternatiboa, EH Bilduko zinegotzi Bernar Lemosek aurkeztu zuen. Donostialdeko metroaren azterlan informatiboa, Errenteriako lurperatzea dokumentua hamar urteren buruan oraindik ere txoko batean gorderik jarraitzen duen zirriborroa dela esan zuen. Egungo trazatuak Errenteria-Oreretan arriskuak eta kalteak eragiten dituela jaso dute mozio alternatibo horretan bi alderdiek, eta denborarekin, okerrera egin duela egoerak. Halaber, 2011z geroztik, Errenteriako Udalak hainbat alegazio aurkeztu dizkiola proiektua hobetzeko Eusko Jaurlaritzari azaldu zuen koalizio subiranistako ordezkariak, “2015eko azaroan onartutako mozioan eskatu genion DEusko Jaurlaritzari topoa lurperatzeko beharrezkoak ziren bitartekoak jar zitzala; hori delako arazoa konpontzeko biderik egokiena eta bakarra”.
2016ko mozioan berriz, Donostialdeko burdinbide azpiegituren artean Altza, Pasai Antxo, Galtzaraborda burdinbidearen eraikuntza lehenesteko eskatu ziotela ekarri zuen gogora, halaber, eta sar zitzala 2017ko aurrekontuan obra lizitazioaren oinarrien idazketa. Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz, hitzarmen markoa sina zezala eskatu zitzaiola azaldu zuen, zati hori finantzatzeko.
Pasaian topoa lurperatzeko aukera berrikusten ari da orain Eusko Jaurlaritza, obark egingo dituen erabakitzeko. Errenteriaren zatia luzatzen ari dela eta, biztanleentzat bidegabea dela-eta udalak honakoa erabaki du: Berrestea beharrezkoa dela Errenteria-Oreretan topoa lurperatzea; Eusko Jaurlaritzari eskatzea ez dezala bere erantzukizuna ekidin eta Donostia eta Psaian bezala beregain hartzea proiektuaren kostua, izapidetzea, eta exekuzioa, eta interes pribatu edo pribatiboen inguruko eragiketa urbanistikorik tartean sartu gabe egin dezala; proiektua funtsezkotzat jotzea Errenteriaren etorkizunerako eta txertatzea Plan Orokorra berrikusteko proposamenaren barruan; eskatzea Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren bideak zabal ditzala Errenteriako Udalaren nahiz herrikideen iritziak entzun eta kontuan hartzeko; eta azkenik, erabaki hori bidaltzea Eusko Jaurlaritzaren Garraio azpiegituren zuzendaritzari mozio horren premisak kontuan hartu eta bere egin ditzan.
Puntu horiek guztiak, atzoko plenoan onartu zituzten EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Errenteriaren aldeko botoekin.
Bi mozioak aurkeztuta, alderdiei txanda eman zien Aizpea Otaegi alkateak.
Kontsentsua bilatzea mugarri
Elkarrekin Errenteriako Jose Manuel Ferradasek hartu zuen hitza lehenik, eta 2016ko mozioari begira jarrita ez zutela aho batez onartu ekarri zuen gogora, “alderdi batek mozioaren kontra egin zuen; ona izaten da hemerotekara jotzea baieztapenak egin aurretik. Harago, Donostiako saihesbidea lehenetsi zuen Altza eta Galtzaraborda arteko lanen gainetik. Hala ere, iragana da hori”. Prozedurak eta moduak zaintzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen Ferradasek, “alderdi guztien arteko kontsentsuak garrantzitsua behar luke. Protagonismo pertsonalak edo zunda baloiak botzea kontsentsuaren kontrakoa da”. Komentarioarekin, PSE-EEren jarrera itsustu zuen Elkarrekin Errenteriakoak.
Proiektuari helduta, haren inpaktua ikaragarri positiboa litzatekeela herriarentzat esan zuen, baita mugikortasun iraunkorrean ere, “herri honetako 25.000 biztanle bizi gara topoko bi geltoki horietatik hamar minutu baino gutxiagora. Fanderiako aintzat hartuta, populazioaren %65 bizi gara topoko geltokietatik hurbil, eta lurperatzeak, zerbitzuaren aldikotasunean onurak lituzke, baita erabiltzaile kopuruan ere”.
2011n egindako azterketa eguneratu beharra nabarmendu zuen Ferradasek: “80.000.000 euroko inbertsioa aipatu zen orduan, 2021ean kopuru hori altuagoa izango da, baina horrek ez luke traba izan behar, tarte horretan, Durangon antzeko lanak egin dituelako jaurlaritzak 212 miloi euro inbertituta, eta finantziazio osoa berak bere gain hartuta. Ez dut uste arazorik egongo denik udal honetan gauden lau alderdiek lanen kostu osoa Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzea eskatzeko”.
Elkarlanerako deia egin zuen azkenik Ferradasek, “bide orria marraztuta dago, garrantzitsua da Errenteriarentzat obra hori, Euskotren zerbitzu eraginkorragoa bilakatuko du, eta Errenteriaren aldeko interesak batzen gaitu lau alderdiak”.
Bi mozioen alde egin zuela EAJk esan zuen Elixabete Murua bozeramaileak: “Bat egiten dugu orokorrean kontzeptuekin, trenbidea lurperatzeak errenteriarrentzat duen garrantziarekin, baita lan horiek egiteko gure herriaren etorkizuna ez konprometitzearekin ere”. Kritikarako tartea ere hartu zuen Muruak eta “mozio gerra” batean sartzea ez zaiola proiektu garrantzitsu hori bultzatzeko modua esan zuen, “ez zaigu serioa iruditzen”. Horren harira, kontsentsua eta elkarlanaren bidean sakontzeko eskatu zuen, eta horrekin lotuta berriz, HAPOa aipatu, “elkarlanerako prest bagaude ere, oraindik ez dugulako parte hartzeko aukerarik izan. Jar gaitezen elkarrekin lanean trenbidean eta HAPOan”.
Gestioaren “berririk ez”
Palenciaren txanda heldu zen ondoren. Udalak azken urteetan topoa lurperatzeko proiektuaren inguruan zein lanketa egin duen ez dakitela esan zuen, “duela bost urte plenoak onartu zuenetik, ez dakigu zer kudeaketa egin duen.
EH Bilduren izenean Eneko del AMo Hirigintza zinegotziak hartu zuen hitza eta luze eta zabal azaldu egindako bidea. Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuaren hitzak hartu zituen 2010 jurteko PSE-EEren esku orri bat erakutsita, “mimo handiz lantzen ari diren proiektua dela Errenteriako topoaren lurperatzea zion Arriolak duela 11 urte. Herriko bizilagun guztiek jaso zuten esku orri hori beraien etxeetan, kolore biziekin. Ez dakigu oso ondo benetan bi kilometroko lurperatze obrak egiteko asmoa zutelako izan zen, edo udal hauteskundeak zetozelako izan zen”. Denborak erantzuna eman duela uste du del Amok, “argazki oso polita baina Oarsoalderako inbertsioak Donostian lurperatzen ari dira, 200 miloi euro eta %50eko gainkostua. Erabaki hori politikoa da, eta horregatik, Altzako geltokia erdizka gelditu zen, baina baita Pasaian topoaren lurperatzea urteetan atzeratzea. 2021erako aurkezten ari badira ere, ez dakigu noiz hasiko dituzten lanak Pasaian”.
Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Azpiegitura sailarekin bilera informatiboa bat eskatu zionean udalak atera zela udalerriko PSE-EE prentsan trenbidea lurperatzeko une egokia orain dela salatu zuen del Amok: “Zergatik orain eta ez duela hamar urte?. Urte hauetan zehar Eusko Jaurlaritzak %100ean finantziatu ditu Donostiako lanak egunero etorri dira ate joka udalera gure bizilagunak bibrazio eta zarataren gaineko kexa egitera, asko eta asko dira bizilagun komunitateak nekatuta eta kezkatuta daudenak ez dakitelako zer gertatuko den beraien etxebizitzekin ordenamenduz kanpo baitaude indarrean den topoaren desdoblamenduarengatik, Errenteriako trenbidea lurperatzea ez delako lehentasun Eusko Jaurlaritzarentzat”.
Hori gutxi balitz Eusko Jaurlaritzak obren finantziazio erdia Errenteriako Udalak bere gain hartzeko proposatu dio, “zergatik ez du bere gain hartzen osorik Donostia eta Pasaian bezala?. Berriro eskatzen dugu Eusko Jaurlaritzak bere ardura hartu eta proportzionalki jokatzeko proiektuaren idazketa, tramitazioa eta exekuzioaren kostua bere gain hartuta”.
Harago ere jo du del Amok eta haserre azaldu du udalari bere gain hartzea proposatu dion kostearen erdi hori finantzatzeko hirigintza eragiketa pribatu bidez egiteko, “interes publikoaren kontra doa; etxebizitzak eraikitzeko beharra dagoenean egin behar dira, ez obra publiko bat finantzatzeko”.
Topoa lurperatzea ezinbestekoa dela erantsi zuen del Amok, “baina Eusko Jaurlaritza da interpelatu behar dena, berak ekin behar duelako arduraz, obra publikoa delako, eta gainera, urgentziaz, hamar urte joan direlako”.
Palenciak hartu zuen berriro hitza eta gobernu taldeari kudeaketarik ez egitea edo bestela, gardentasunez ez aritzea egotzi zion.
Aizpea Otaegik hartu zuen hitza azkenik. Alkatea ere haserre azaldu zen, lehenengoz agintaldi osoan. Esanguratsua dela hain proiektu garrantzitsu eta estrategikoa izanik Eusko Jaurlaritzak aurreikuspenik eta diru lerrorik ez izatea horretara bideratuta esan zuen, “guri dagokigu Eusko Jaurlaritza presionatzea proiektua gara dezan, baina aurreikuspenak eginak behar dituena Euskjo Jaurlaritza da ez udala, eta berarekin izan dugun harremanean oso argi gelditu zaigu ez dagoela inolako aurreikuspenik ezta diru partidarik ere. Guri dagokigu herri hau gobernatzea eta garrantzitsuak diren proiektuak garatzea, baina kasu honetan, lurperatzearen ardura eta bermatzea dagokion erakundeak ez dauka planbifikatuta lurperatze hori noiz eta nola garatuko duen, eta beraz, uste dut, ardurak oso garbi daudela”.
PSE-EEri leporatu zion “protagonismo” nahia izatea, “eta horrek galdu egin zaituzte; zuen protagonismoarengatik ari gara egiten eztabaida hau egiten ari garen terminoetan, oso bestelakoa izan zitekeen”. Harago jo zuen, eta gobernu taldeari dagokiola beste erakundeekiko interlokuzioa esan zuen, “zuen zinegotzi kargutik egiten dituzuen beste erakundeekiko harremanak lekuz kanpo daude, eta uste dut oso desleiala dela herritarrekiko, gobernuarekiko, baita oposizioko beste alderdiarekiko ere”.
Hausnarketarako eskaera
Izan duen jarreraren gainean hausnartzeko eskatu zion PSE-EEri Otaegik, jokatu nahi duten paperaren gainean, “badakigu elkarrekin lan egiten, gauza asko egin ditzakegu. Dinamika honetan jardun nahi baduzue, lortuko duzue nahi duzuen protagonismoa, baina ez herri honek behar duen adostasuna proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzeko; herri honen kalterako izango da, eta zuen protagonismo nahi hutsarengatik izango da. Pentsau beraz zein joku egin nahi duzuen hemendik eta agintaldi amaierara arte”.