Udalak Kutxabanki eskatuko dio San Pedroko bulegoaren itxiera berraztertzeko
Pasaiako Udalbatzak aho batez adostu du bizilagunentzako zerbitzu egokia bermatu ahal izateko ezinbestekoa dela sukurtsaleko arreta zerbitzua.
Pasaiako Udalbatzak aho batez erabaki zuen atzo egindako plenoan Kutxabanki eskatzea San Pedroko bulegoa ixteko erabakia berriz ere aztertzeko. Alderdi guztiek uste dute barrutiko aurrez aurreko arreta zerbitzua ezabatu izanak kalte nabariak sortuko dituela bizilagunengan zuzenean ez ezik, Trintxerpen dagoen bulegoko arreta zerbitzuan ere.
Izan ere, Trintxerpeko sukurtsaleko bulegoak “gainezka” daudela adierazi dute, eta pandemia egoeran bereziki halako ilera eta pilaketak “onartezinak” direla salatu du Loreto Osak.
EH Bildu, PSE-EE eta Podemosek “arrakala digitala” izan dute hizpide, mugikortasun arazoak dituztenak eta kutxazain nahiz Interneteko zerbitzuen bitartez kudeaketa jakinak egiteko arazoak dituztenak gogora ekarriz -horietako gehienak adinean sartutako pasaitarrak-.
Horrekin guztiarekin, udalak finantza erakundeari eskatuko dio “behar bezala balora dezala aurrez aurreko arretaren garrantzia zerbitzu egoki bat eskaintzeko”, bereziki mota horretako arreta behar-beharrezko dutenak gogoan izanik.