Udalak lehiaketara atera du Ondartxo pasealekua irekitzeko obra
376.000 euroko aurrekontua duten lanak kontratatzeko mahaia martxoaren 8an egingo dute. Hiru metroko altuerako hesia ezarriko da farorako bidean.
Atzo, astelehena, atera zuen Pasaiako Udalak ofizialki lehiaketara Ondartxo pasealekua birgaitzeko lanen proiektua. Kontratazio mahaia martxoaren 8an egingo dute, eta behin egikaritza esleituta, lau hilabeteko exekuzio epea aurreikusi du Hirigintza zinegotzi den Nahikari Oterminek.
Luiziak izan ziren mendi-hegalean hainbat heltze puntual ezartzeaz gain -zonalde jakin batzuetan lurrari eusteko altzairuzko sarea ipiniko dute-, aurrerantzean gerta liratekeen lur askatzeetatik oinezkoak babesteko hiru metroko altuerako hesia ezarriko dute farora doan bidearen zati handi batean.
Lan horiek gauzatzeko aurrekontua 376.391,31 eurokoa da. Horiei esker, etorkizunean berriro bidea itxi behar izatea ekidin liteke, azken urteotan hainbat lur-jausi ezberdin gertatu baitira lursail berean.
Udal gobernuak adierazi du “gogorra, zaila eta luzea, oso” izan dela San Pedroko farora eta puntetara doan bidea berrirekitzeko prozesua, lur horiek ez baitziren udalarenak eta, hortaz, eskumenik ez zuen hasiera batean herri gobernuak bertan obrarik gauzatzeko.