Nora-joan-ez-jakitea
Terrazan eserita Pasaia inguruko etxebizitzen alokairuak eta salneurriak mugikorrean begiratzen egon gara, etorkizunean irudikatu ere ezin ditugun prezioak komentatzen. Gero, Tinder eta garaiotan bakoitzak barruan dugun afektu-gosea etorkizunean asetzeko nahia aipatu ditugu. Etorkizunean bikotekide batekin binaka ez bizitzeko alternatibak zerrendatu ditugu, etorkizun batean ama-bakar izateko bulkadei buruz aritu gara, eta etorkizunean Granadara beste master bat egitera joateko erabakiaz ere bai. Horra gure etorkizuneko aukeren katalogo mental bat, nora-joan-ez-dakizunean sortzen dena.
Byung-Chul Han pentsalari hego korearrak El aroma del tiempo liburuan hitzez hitz dio: «Nora-joan-ez-jakiteak, hasiera batean, orientazio falta dakar eta bi fenomeno sor ditzake: azelerazio soziala edo paralizazio soziala». Hau da, gure gisan aurrera begirako katalogo posibleak egitea edo geldi geratzea. Baina, itxura batean bi fenomeno tenporal horiek kontraesankorrak diruditen arren, funtsean txanpon beraren bi aurpegi dira. Hala aipatzen du: «Azelerazioak eta paralizazioak erro bera dute: des-tenporalizazioa».
Hanen arabera, des-tenporalizazioa «denboraren desartikulazio» bat da. Eta denboraren artikulazio baten faltak zera eragiten omen du: denbora lehen baino azkarrago pasatzen denaren sentsazioa eta gertakariak bata bestearengandik azkar deslotzea, gugan aztarna esanguratsurik utzi gabe. Dispertsio tenporalak ez duela uzten denboraren iraupena esperimentatzen, alegia. Alderantziz, efimerotasuna eta iheskortasuna bezalako sentsazio iragankorrak nagusitzen direla.
Zehazten du egungo bizitzan orokorrean ezinegon, konfusio eta desorientazio gehiago dagoela; eta ondorioz, orainaldia ordenatzea zailagoa dela. Horregatik diseinatzen dugula etorkizuna. Eta, hala, aurrera begirako azelerazioan harrapatuta bizi garela. Terrazakideok ez dakigu orainean ongi zer egin, beraz, etorkizunera begira jarriko gara eta, ondorioz, orainean ez dakigu ongi zer egin. Hamsterraren gurpil zoroa da.
Liburuan adierazten da etorkizunera begira bagaude orainak ez duela berezko substantziarik. Etorkizunerako trantsizio bat besterik ez dela. Orainari jarraikortasuna falta zaiola. Eta etengabeko aldaketek ez dutela desordena sortzen, baizik eta ordena berri bat behin eta berriz, jarraikortasunik gabekoa. Orain pisu batean urtebeteko kontratua, eta orain Granadako masterra, eta orain…
Hanen ustetan etorkizunarekin lotura egingo duten orainaldiko praktika tenporalak falta dira; promesa eta konpromisoa, besteak beste. Jarraikortasuna funtsean. Eta terraza honetatik, esango nuke, horiek ez direla gure belaunaldian asko errotu diren praktikak. Taberna itxi arte jarraitu dugu hizketan.