«Ateak itxi dizkiegu, guk lapurtu dieguna ez eskuratzeko»
Ehun iheslari baino gehiago erreskatatu berri ditu ‘Aita Mari’ ontziak Libia eta Italia artean. Porturatu dituzten arren, bidean beste hainbat ontzi utzi behar izan dituzte Mediterraneoko uretan.
Ia bost hilabete eman zituen Pasaiako portuan ainguratuta Aita Mari-k 2020 urte amaieran, Italiako agintariek Palermo uzteko eta euskal herriratzeko baimenaren truke ezarritako lanak egiten.
Otsailak 12 zituenean Almeriako Adra portutik amarrak askatu eta Erdialdeko Mediterraneorantz abiatu ziren hamahiru tripulatzaileak. Italia eta Libia arteko ibilbidea zuten jomuga, itsasoan jitoan atzemandako iheslariak salbatzeko. Bost egun geroago 102 migratzaile artatu zituzten ontzian.
Lehorreratzeko zeharbidea ez da, ordea, ezer eta aire izan: Maltak ez die porturatzeko baimenik eman eta bidean hamarnaka lagun utzi behar izan dituzte.
Otsailaren 19an 102 pertsona jaso zituen Aita Marik zurezko ontzi batean, Europarantz bidean. Zein da prozesua?
Ontzia uretara ateratzen denetik Mediterraneorantz bidean jadanik hasten da informazioa jasotzen. Portu bakoitzak sistemak ditu lokalizatzeko, badaude gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) ere lan hori egiten dutenak.
Boteak aurkitzerakoan inguruko ontziei abisua ematen diete, kalkulatzen da zenbat pertsona daramatzan drone eta hegazkinekin, eta gertuen dagoen itsasontzia doa da erreskatera. Egia ere bada berez inguruko portuak koordinatu behar duela erreskate hori. Hor hasten da, hain zuzen, historia.
Adibidez Maltak momentu honetan paso egiten du, ez du ezer jakin nahi. Kasu honetan, adibidez, Maltako uretan zeuden eta haien gidarik gabe, beste erreminta batzuekin, lortu zuten botera iristea.
Egia ere bada ontzian beti dagoela jendea guardian eta kataloxekin begiratzen itsasoan norbait aurkitzen ote duten.
Egun hartan, geroago, 46 pertsona zeramatzan ontzi bat aurkitu zuen Aita Mari-k, baina ezin izan zituen jaso.
Barku guztiek edukiera jakin bat dute. Gertatu izan zaigu pertsona kopurua pasatzeagatik isuna jarri digutela, eta oraingoan oso argi utzi ziguten erreskatera baldin bagindoazen limitea errespetatu behar genuela, 122 inguru. Betiere, tripulazio eta boluntarioak barne. Hortaz, 104 pertsona inguru jaso ditzakegu.
Gertatu zena zen 102 pertsona jaso zirela eta abisatu ziguten beste bote bat zegoela distantzia jakin batera. Aita Mari gerturatu zen, baina jakinda ezingo zituztela jaso.
Asmoa zen beste barku bati itxaron eta erreskatatzea, pertsona horiek itsasoan ez utzita, gero guk gure bidea jarraitzeko. Baina horrek baditu arriskuak, adibidez libiarrek oso azkar ikusten dute gure ontzia, eta bilatu egiten gaituzte. Hortaz, libiarrak gurera baldin badatoz, arriskua dago iheslariak bueltarazteko.
«Ontzi bat iristerako 40 pertsona ingurutik hogei baino gehiago hilak zeuden jada»
Kasu horretan, beraz, ura, janaria eta txalekoak emanda erabaki zuten motorrak piztu eta lurrera jarraitzen zutela, Europarantz. Badakigu, zorionez, Lampedusara (Italia) heldu zirela, bote bat iritsi baitzen Aita Mari-ko txalekoekin.
Egia ere bada bidean beste lau bote aurkitu zituztela, eta ezin izan zutela ezer egin. Erreskateren bat egon zela badakigu, baina ontzi bat iristerako 40 pertsona ingurutik 20 baino gehiago hilak zeuden jada. Kasu horietan guk muga asko ditugu, eta noski, Europak ez du laguntzen, beraiek ere gure informazio berbera baitaukate. Horrela jende asko hiltzen da.
Iheslariak ontzian, zergatik ukatu zion Maltak ontziari porturatzeko baimena?
Horrela, zakarki esanda, sudur-puntan jarri ez zitzaiolako! Ez dago beste arrazoirik. Ez dute ezer esaten, ezezkoa eman eta kito. Gainera, legez, behartuta daude beraien uretan jasotako pertsona horiek hartzera.
Hiru egun geroago Augustara heldu ziren, Italiak lehorreratzeko baimena emanda. Eta hortik aurrera, zer?
Aita Mari-tik ferry batera lekualdatu zituzten, bertan berrogeialdia egiteko. Hortik aurrera, ezjakintasuna. Ez dakigu ziurtasunez pertsona horiek nonbait birkokatzen dituzten.
Misio honetan, gainera, gogorrena da gehienak zirela 16 eta 18 urte arteko haurrak, oso ahul iritsi direnak eta oso egoera gogorretan: tratu txarrekin, hanketan tiroak, hezurrak hautsita, erredurekin… Ikaragarria izan da.
«Benetan ama batek, haur jaioberria eskutan, desertua gurutzatzen duela aberasteko?»
Ohikoa da halako egoeratan heltzea?
Askotan erredurekin etortzen dira: gasolioa, itsasoko ura eta haien pixa, horrek guztiak sortutako gasak eragiten dizkiena: erredura asko eta oso serioak azalean.
Normalean, gainera, oso egoera psikologiko zailean iristen dira. Guk zati txiki bat besterik ez dakigu, baina askotan entzuten ez duguna da pertsona horiek botera heldu aurretik basamortua pasa dutela oinez, eta beste gauza asko.
Badago jendea bi urte pasatzen dituena etxetik kanpo itsasora iritsi arte, eta badaude ez dutenak lortzen igotzea ere.
Okerrena da, gainera, beraiek pentsatzen dutela bote batera igotzen direnean bizitza hobeago batera iritsiko direla; Europara helduko direla eta bertan izango dutela behar duten guztia, baina ez dakitena da Europara iristen direnean ezjakintasun handia dagoela.
Psikologikoki oso gaizki iristen dira haietako asko, azken finean, imajinatu: bortxatzen bazaituzte, hezurrak puskatu eta imajina ezin dezakegun hori guztia, nola egon zaitezkeen. Eta, errepikatzen dut: umeak dira, nire semearen adineko umeak, 15-18 urte; hori pasada bat da.
Ez da soilik guda ihesarazten dituena, hainbat lekutan ez dute urik ere.
Askotan errealitateak fikzioa gainditzen du; ikusi ditugu pelikuletan Urik gabeko bizitza bat eta halakoak, non saltzen duten ura zuk edateko. Egia da zientzia fikzioa dela, baina hori guztia, ideia horiek, nonbaitetik datoz.
Pertsona asko datoz bizitza batetik janari gabe, bizitzeko aukerarik gabe. Pertsona batek jakin nahi duenean gauzez ohartzen da, eta nahiz eta zerbait oso hunkigarria esan, entzun nahi ez duenak ez du entzuten.
Imajinatu zure hamabost urteko semea desertua gurutzatzen, bakarrik, itsasora iristeko bizitzeko aukera baten bila, zure familiak ezin dituelako denak mantendu eta hor, seguru aski, hilko delako edo hilko dutelako. Benetan ama batek, haur jaioberria eskutan, desertua gurutzatzen duela aberasteko?
Gainera, bada beste kontu bat gutxi aipatzen dena, migratzaile aberats asko etortzen baitira, eta Europak ez dio ezer. Zein desberdintasun dago batzuen eta besteen artean? Oso erraza: dirua.
«Gure zaharrak ere migratzaile izan ziren hemen ezin zirelako bizi»
Nola dira antzeko migratzaile horien ihesa eta euskaldunek gudan egindakoak?
Bizitzaren bilakaera da. Gure zaharrak ere migratzaile izan ziren hemen ezin zirelako bizi, eta ume piloa sartu zituzten barku batean lortzeko hemendik ateratzea eta nonbait bizitzea. Hau berdina da. Desberdintasuna da gure hezurretan bat, eta bestea besteen hezurretan dagoela. Migratzailea beti da migratzaile.
Lehengo garaian gizakia lurrean barrena mugitzen zen behar zuen heinean, garaika, hotzagatik, elikagaien bila. Hori migrazioa da; bizitza da migrazioa. Animaliek migratzen dute, gizakiok migratzen dugu beharraren arabera. Betikoa da: nola begiratzen dugun migrazio hori, eta pobrezia da hori gaizki ikusarazten duena.
Mugak gizakiak jartzen ditu. Zergatik?
Egoismoa? Guk egingo geniekeena ez egiteko guri? Guk lapurtu dieguna ez berreskuratzeko? Nik nire teoria daukat: Afrikak ikaragarrizko ondasunak ditu eta, berez, bakean utzita badu materia nahikoa aberatsa izateko, baina herrialde aberatsak beraien lurretan sartu ziren eta lapurtu egin zien hori.
Batzuek esango dute ez zutela lapurtu, ordaindu egin zutela. Bai, bada, zein preziotan? Gutxi daukanari gutxi bat ematearekin konformatu egiten da; niretzako, hori, lapurtzea da.
Ateak itxi dizkiegu, guk lapurtu dieguna ez eskuratzeko. Ikara hori da.
Hilabetez egon zen Aita Mari itsasoratzeko baimenik gabe, ontzia ez omen zelako segurua. Paterak baino gutxiago?
Egunkari batean ikusi nuen bineta bat non dauden itsas azpian bi burezur, eta batak besteari esaten dio: ‘Jo, begira non bukatu dugun, itsaso azpian’. Eta besteak erantzuten dio: ‘Beno, lasai! Gutxienez ez dugu bukatu GKE baten barkuan’.
Guk badakigu gure neurria zein den, guri bizitzea ere gustatzen zaigu, tuntunak ez gara. Txistea hori da: nola esan dezakegu erreskate ontzi bat ez dela segurua, eta ez al da okerrago pertsona horiek itota bukatzea, askotan gertatzen den bezala? Izan ere, uste duguna baino askoz ere gehiago dira. Esandakoa: azken erreskatean bost boterekin topatu ziren, eta badakigu pare bat ez direla azaldu. Oso kopuru serioaz hitz egiten ari gara.
Betikoa da, Europak bizkarra ematen dio gertatzen ari denari. Guk egiten duguna egiten dugu nahi dugulako, baina hau Europaren lana da, ez gurea. Guk egin behar dugu Europak egiten ez duelako, eta hori argi gelditu behar da.
Norbanako bezala zer egin dezakegu?
Gauza bat oso garrantzizkoa, oraintxe zuek egiten ari zaretena: zabaldu. Oso garrantzitsua da ere begiratzea; informazioa denok ikusten dugu, baina denok ez dugu begiratu nahi, mina ematen digulako. Bakoitzak bere momentua du.
Beste moduetara ere lagun daiteke: gauzak antolatzen, diru laguntzen bidez… Galdetu webgunean eta egin boluntario, adibidez… Guztiak laguntzen du, mila modu daude.