[Erreportajea] Zubiak horma eta hesi izan ez daitezen
Emakumeen Mundu Martxaren bosgarren ekintza bukatuko da bihar. Zubiak izan dira aurten aukeratutako ikurra, pertsonen joan-etorria bermatu beharko luketela aldarrikatu baitute.
Emakume eta migrante izatearen gainean hausnarketa bultzatzeko eta begirada partekatzeko ibilbidea egin du, beste ekitaldi batez, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak (EMM). Iazko urriaren 17an hasi zen nazioarteko bosgarren ekintza, eta bihar, martxoak 6, bukatutzat emango dute Irun eta Hendaia lotuko dituen manifestazioarekin. Giro alaia baina aldarrikatzailean, muga irudikatzen duen lekuraino eramango dute haien lema: Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!
Zubiak izan dira aurten mugimenduak aukeratutako ikurra. Cony Carranzak xehetasunak eman ditu: «Mario Benedettik zioen moduan, zubiek joatea eta itzultzea bermatu beharko ligukete». Hala ere, haren ustetan, «neoliberalismoak zein faxismoak zubiak hesi eta horma» bilakatu dituzte. Ez dute betetzen bete beharko luketen funtzioa, «soilik trafiko eta merkantzien joan-etorria bermatzen baitute».
Ildo horretan, hausnarketa bultzatu nahi du mugimenduak, «bertako emakumeak, zuriak, europarrak» borrokara batu daitezen. «Mugimendu misto bat osatzea da proposatzen duguna, aliantza emakume zuriei ere zabaltzea. Webgunean prestatu dugun dossierraren epilogoan Zuritasuna eta eurozentrismoa hausten dituen aktibismo feminista baten alde irakur daiteke». Feministak zehaztu duenez, «arrakala dekolonizatu» nahi dute, eta horrela, hausnarketa, begirada eta bidaia partekatu.
Begiradak, hala ere, «kontzientea» izan behar duela nabarmendu du Carranzak. Bestelako espazio batzuk ahalbidetzea ezinbestekotzat jo du, «ez erruduntasunetik, arduratik baizik». Are gehiago, migratutako emakumeek «sufritutakoa» zenbaezina dela onartu du. «Erabat arrazistak eta matxistak diren atzerritartasun legeak dira. Ez dugu biktimaren roletik esaten, ahaldundutako emakumeon ahotsetik baizik: ‘Begira zer gertatzen ari den gorputz hauekin, honaino iritsi ahal izateko sufritutakoa, eta begira hemen ere egokitzen zaiguna. Gure gorputzek eta bizitzek hemen bizi behar dutena’», esan du. Carranzak zalantzan jarri du «zeinek behar ote duen zein», Europak migratzaileak edo alderantziz. «Transnazionalek etengabeko krisiak eragin dituzte gure jaioterrietan. Ni El Salvadorrekoa naiz, eta Hego Amerikan ongizate sistemak kolapsatzera iritsi dira gure baliabide naturalak lapurtu dituztelako. Krisien alabak gara gu, krisi amaigabeenak, eta argi ikusten dugu Europak gorputz eta eskulan hauek behar dituela». Eskuinaren eta eskuin muturraren diskurtsoak «errudun» egiten dituela ere deitoratu du.
Zubiak eta zapiak
Mundu martxaren bosgarren ekitaldian zubiak protagonistak izateaz gain, zapiak ere elementu gisa aukeratu dituztela kontatu du Carranzak. Hasiera batean, osasun gomendioei jarraituz, pertsonen arteko distantziak bermatzeko modua izan zitekeela iruditu zitzaien. Ondoren, kolore guztietakoak izatea aurreikusi zuten, eta azkenean, aldarrikapen esaldiak txertatu zituzten. Herriz herri jasotzen joan dira zapiak, eta bihar, Etorbidea eta Santiago zubiak horiekin jostea da helburua. Itxiera ekitaldia manifestaziora murriztu behar izan duten arren, zubi guztien gainetik «poztasunez, errebeldiaz eta indarrez» eraldaketarantz bultzatzen jarraituko dute.