Garapenerako Lankidetzarako lehen marko estrategikoa egi bihurtu du udalak
Errenteriako Udalak marko estrategikoa idatzi izanak Garapenerako Lankidetza politika beste politiken parean jartzea suposatu du.
Garapenerako Lankidetzaren arloko lehen Marko Estrategikoa aurkeztu du gaur Errenteriako Udalak. Jose Ramon Gurrutxaga Garapenerako Lankidetzarako zinegotziak, Samira Goddi arloko udal teknikariak eta Michel Sabalza Hegoa Institutuko teknikoak aletu dituzte marko estrategiko horren nondik norakoak gaur goizean egin duten agerraldian.
Lehenengoz duela udalak halako marko estrategikoa Garapenerako Lankidetzaren arloan azaldu du Gurrutxagak, “hilabeteak eman dituzte lanean horretan Samirak [Goddi] eta Michelek [Sabalza]. Horrek ez du esan nahi orain arte udal hau ez denik konprometitu kooperazioarekin, baina beste modu batera egin du. Gizarte zibileko erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean erantzun dio gure planetako biztanleria talderik zaurgarrienen arazoak gainditzera bideratutako proiektuen bidez, garapen ekitatibo, autonomo eta iraunkorra lortzearren. Horrekin batera, dinamika globalek eta lokalek elkarrekin geroz eta lotura handiagoa dutela jakinik, bestelako proiektuak ere babestu ditu udalak gure gizartean kontzientzia kritikoa piztu, eta egun nazioarteko harreman ezberdin eta bidegabeen ardura ere gurea badela ohartarazteko”.
Udalak baina, beharra sumatu zuen, bertatik idatzitako marko bat sortzeko, “nori eta zeri eman garrantzia zehaztu eta jarraipen egokia egiteko”. Behar hori, politikoa ere bazela gaineratu du Gurrutxagak, “marko estrategiko horretan udalak bere ikuspuntu politikoa txertatu du”.
Markoa Gobernuz Kanpo Erakundeekin adostu du udalak, eta haien ekarpenak kontuan hartu ditu. “Hau ez da Errenteriako Udaleko Gobernu Taldearen Marko Estrategikoa, udal korporazio guztiari zabaldu diogu eta ordezkaritza duten alderdi guztien ekarpenak jaso ditugu idazketan, eta adostasunez egin dugu”.
Zentralitatea
Garapenaren lankidetzarako politika testuinguruan jarri du bere aldetik Sabalzak, eta horren izaera publikoa jarri du mahai gainean, “politiken artean zentralitate gero eta handiagoa hartzen ari da. Garapenerako Lankidetza lantzen hasi zenean duela jada urte batzuk, oso tokiko elkartasun esperientziekin lotuta zihoan; gaur egun irauli egin da agertoki hori. Azken hamarkadetan bizi izan dugun globalizazio prozesua aski ezaguna da, eta gaur egun Errenterian gertatzen dena ez da modu autonomoan garatzen, harremanetan dago urruti gertatzen ari diren beste dinamika batzuekin. Globalizazioaren ikuspegi horretatik Garapenerako Lankidetzak beste dimentsio eta garrantzi bat hartu du, eta gora egingo du aurrertantzean globalizazio prozesua geldiezina delako”.
Horren harira, adibide bat jarri du Sabalzak, COVID-19aren pandemia, “globalean eragiten du eta arlo guztietan. Ez da osasun arazoa soilik, garapen arazoa da, politikoa, eta arlo guztietara zabaldu den arazoa da, finean; Perun gertatzen denak Errenterian gertatzen denarekin zerikusia du, arazo partekatuak dira, nahiz eta modu ezberdinetan egiten diegun aurre, edo gaitasun ezberdinekin”.
Errenteriako Udalak marko estrategikoa idatzi izanak Garapenerako Lankidetza politika beste politiken parean jartzea suposatzen duela gaineratu du Hegoak institutuko teknikoak, “indartu egiten du, eta beste politiken erreferentzialtasuna ematen dio, eta Garapenerako lankidetza karitatearekin eta existentziarekin lotuta egotetik, beste maila batera eraman du,lurralde guztietan globalak diren arazoei erantzuteko politika bilakatuta”.
Tresna praktiko eta dinamikoa behar zuela udalak esan du, bestalde Goddik, “egin daitezke planak, marko orokorrak, baina guk nahi genuen marko estrategiko bat, argia izango zena, eta zentzu horretan urteetako esperientziak, Gobernuz Kanpo Erakundeei ematen zaizkien laguntzak, Euskal Funtsari egiten zaion ekarpena, larrialdietarako diru lerroak, Errenteria Munduan programa eta egiten diren dinamika guztiak jaso nahi genituen, logika, ordena eta ikusgarritasuna emateko”.
Orain arte arlo ezberdin askori erantzun diela udalak ere zehaztu du Goddik, eta horren harira, marko estrategikoaren bidez, udalarentzat oinarrizko eta lehentasun izango diren arloak, Lau denera: Genero berdintasuna defendatzea eta sustatzea arlo ekonomiko, sozial eta politikoan; Kultura aniztasuna defendatzea eta gizarte eraldaketarako eta berrikuntzarako tresna gisa ikus dadila; ingurumen iraunkortasuna defendatzea, baita baliabideak modu arrazionalean erabiltzearekin eta etorkizuneko belaunaldien bizitzarekin bateragarriak diren bizimoduak ere; azkenik, sustatzea garapena autonomoa eta iraunkorra izan dadin, ekonomia sozial eta solidariotik abiatuta.
Marko estrategikoa udalaren web orrian argitaratuta dago.