Emakume migranteak ardatz dituen murala sortu dute Trintxerpen
Sorkuntza kolektiboko murala osatu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, 'Ikusiko ahal gaituzte' titulupean.
Entre Orillas elkarteak, Pasaiako Udaleko Berdintasun eta Migrazio eta Aniztasun arloekin elkarlanean, Ikusiko ahal gaituzte! (existitzeko formula bat) izeneko proiektua garatu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan. Horrela, Pasaiako emakume migratzaileej sorkuntza kolektiboko mural bat osatu dute honako galdera honi erantzunez: Zein ekarpen egiten dio emakume migratzaileak lurraldeari?.
Proiektua emakume migratzailearen iruditeria sinbolikoaren eta espazio publikoa okupatzeko prozesuaren inguruko proposamena da, eta hiru ardatz izan ditu: emakumea, migrazioa eta subjektibotasuna.
Diseinua sortzeko topaketen emaitza totem emakume bat izan zen, sinbolo eta ikur kolektibo gisa irudikatu dutena: “Gure indarra irudikatzen du, nire ibilbideari eusten dioten oin erraldoiak, ematen duen eskua, baina jaso ere egiten duena”. Proiektuaren koordinatzaileak Rebecca Wilkinson eta Betania Mendoza izan dira, eta haiei egindako elkarrizketa honetan irakur daiteke prozesuaren gaineko informazio gehiago.