[Galeria] Emakumeak, era askotara jardunean Oiartzunen
Emakumeen Egunaren harira hainbat jarduera egin zituzten atzo Oiartzunen. Emakumeek egindakoari balioa eman zioten.
Martxoaren 8 berezia izan zen atzokoa Oiartzunen. Arratsaldean kalera eta herriko aretoetara atera ziren era askotako jarduerak egitera. Adibidez, gazteenek muralak margotu zituzten June musikariaren doinupean Ugaldetxon. Bibliotekan, Zer idazten dute emakumeek? irakurketa saioa egin zuten, Goiatz Labandibarren gidaritzapean, eta udaletxeko areto nagusian, Zer izango litzateke zientzia emakumerik gabe? hitzaldia eman zuten Maialen Galdeanok eta Maria Zubiriak. Haurrentzako ipuin kontaketak edo film laburren emanaldiak ere izan ziren.
Gainera, herriko balkoi askok more kolorea hartu zuten, gisa horretako oihal eta zapiak zintzilikatu zituztelako.
Oiartzungo jarduera feministak, baina, ez dira atzokoetara mugatuko. Hilabete osoan zehar beste hainbat jarduera programatu dituzte Oiartzungo Feministen Asanbladak eta udalak elkarlanean.
Jarraian, atzo arratsaldeko hainbat irudi.