Errenteriako emakumeen historiarako, beste bi harri bitxi
Marina Rubio eta Rosario Retegi. Errenteriako bi emakume. Belaunaldi ezberdinetakoak; lehenak, lehen eskutik jaso du bide urratzaile izateagatik aitortza. Bigarrenari, hil ondoren heldu zaio aitortza hori, baina biak ala biak, Errenteria-Oreretako emakumeen Historiaren parte bihurtu dira jada.
Marina Rubio eta Rosario Retegi. Errenteriako bi emakume. Belaunaldi ezberdinetakoak; lehenak, lehen eskutik jaso du bide urratzaile izateagatik aitortza. Bigarrenari, hil ondoren heldu zaio aitortza hori, baina biak ala biak, Errenteria-Oreretako emakumeen Historiaren parte bihurtu dira jada.
Herriko emakumeen izena abizenak berreskuratu, haiek egindako lana aitortu eta gehienetan, emakume izateagatik, historian ukatzen zaien lekua ematea du helburu Mariasun Landa sariketak. Larunbatean egin zuten sari banaketa Emakumeen Etxean. Axun Ertzibengoak Emakumezkoen Begirada sailean irabazi du Rubioren gainean aurkeztutako lanarengatik. Maite Ruiz de Azuak, berriz, Emakumezkoei Begira saria irabazi du Retegiren gainean egindako lanarekin. Ertzibengoaren lana argitaratu du HITZA-k Martxoaren 8ko gaineko gehigarrian eta bertan irakurri daiteke osorik, Ruiz de Azuarena gazteleraz idatzita dago, eta horregatik ez da publikatu HITZAren ale berezi horretan.
Espainiako II Errepublika garaian irakasle izan zen Retegi; baina bidean, kulturaren elitearen parte ziren asko eta asko ezagutzeko aukera izan zuen Madrilen ikasten ari zen bitartean. Azken bi urteak jubilatu aurretik, baina, Errenteria-Oreretan aritu zen irakasle. Bide urratzailea izan zen Retegi, eta arrastoa utzi zuen ikasleengan. Bere izaera ekintzaileari, urratzaileari lekua eman diote sariketaren bidez Errenteriako Historian.
Rubio, lehen emakume autobus gidarietako bat izan zen Errenterian. Ertzibengoak miresmenez kontatu du bere idazlanean txikitan bolantean ikusten zuela. Bera ere, bide urratzailea izan da, beste emakume anonimo asko eta asko bezala, eta Retegik bezala, Errenteriaren Historian bere lekua izango du, izen abizenekin.