Materren fundatzaile Izaskun Suberbiolari sari bidezko aitortza egin diote
Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ingurumenaren alde egindako lanagatik '2021eko Emakumeen Lurra' saria eman diote.
Joan den astean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren magalpean, 2021eko Emakumeen Lurra saria eman diote Mater Ontzi Museoko zuzendari eta fundatzaile Izaskun Suberbiolari. Pasaiatarra 30 emakume baino gehiagoren artean hautatu dute ingurumenaren alde egindako lana aitortzeko.
Ozeanografoa, marinela, hezitzailea eta, batez ere, “grinatsu” bezala deskribatu dute kideek Suberbiola. Zuzendariak esker onez gailendu du emakumeen lana eta ahalmena: “Funtsezkoa da emakumeok eraldaketarako dugun boterea ikusaraztea. Enpatia, komunikatzeko gaitasuna eta naturarekin dugun elkartasun bereziak egiten du emakumea izatea itxaropen handietako bat humanitatea salbatzeko”.
Pasaitarrak uste du etorkizunak inoiz baino gehiago behar dituela gaur emakumeak, eta jasotako saria bozgorailu bezala erabili nahi izan du beste emakume batzuk adoretu eta bidean aurrera egitera animatzeko.
Emakumeen Lurra sariak hogei urte baino gehiagoko bidea du atzean eta Jacques Rocherrek -Yves Rocherren fundatzailea- sortu zuen emakumeek ingurumenaren alde egindako lana aintzatesteko helburuz. Aurten, Suberbiolaz gain, beste bi emakume ere saritu dituzte.