San Pedroko haur parke berria itxura hartzen ari da
Hilaren amaieran parkour elementuak jarriko dituzte herriko gazteekin elkarlanean. Jolasgunea Aste Santurako amaitzea aurreikusi dute.
San Pedroko Morales Oliver plazaren atzealdea jolasgune bilakatzen ari dira herriko haurrak elkarlanean, joan den urte amaieratik. Gutxika-gutxika, eta orotariko ekarpenekin, ari da forma hartzen sanpedrotar gazteenentzako espazio berria.
Aurreikuspenen arabera, Aste Santurako prest egongo litzateke jolastokia. Bien bitartean, eta eguraldia lagun izanez gero, hilaren 27an emango dute adingabekoek hurrengo pausoa: parkour elementuak gehituko dizkiote jolas eremuari.
Izaskun Gomez alkateak sare sozialen bidez adierazi du parkeak herriko haur eta nerabeen beharrak aintzakotzat hartzen dituela, San Pedron haientzako espazioak sortuz. Adierazpen horiek, baina, ezinegona sortu dute hainbat sanpedrotarrengan, barrutian txikienentzako espazio estalirik ez dagoela salatu baitute.