[Erreportajea] Elkarbizitzaren bidea urratzen
1936tik gaur egunera arte izan diren giza eskubideen urraketak ikertzen hasi dira Oiartzunen, Aranzadiren bidez. Oiartzuarrei dei egin diete testigantzak helarazteko.
Oiartzungo Udala memoriaren lanketa bat egiten hasi da. Helburua da 1936tik gaur egunera egon diren giza eskubideen urraketak azaleratzea. Memoria historikoaren lanketa aspaldi hasi zuten Oiartzunen, Katin Txiki elkartearen eskutik.
Talde hori oso aktibo aritu da 1936 eta 1945 urteen artean izandako urraketak ikertzen. Taldearen lanari ginga jartzeko asmoz, 2019ko uztailaren 27an, tropa faxistak herrian sartu zireneko 83. urteurrenean, ekitaldi bat antolatu zuen udalak.
1936an errepresaliatutako zortzi zinegotzi abertzaleei aitortza egin zieten bertan. “Hura izan zen bizikidetzaren bidean egin genuen lehenengo ekitaldia”, gogorarazi du Jexux Leonet Oiartzungo alkateak.
Ekitaldi horrekin, Katin Txiki elkarteak egindako lana sakondu eta berritu nahi zuen udalak, eta, horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen iazko azaroan. “Helburua zen Katin Txikikoek hasitako lana Aranzadiren lan tekniko eta profesionalarekin biribiltzea. Garrantzitsuena da 1936tik gaur egunera arteko giza eskubideen urraketa guztiak ikertzea”, ondorioztatu du alkateak.
Ordutik lanean ari da Aranzadi, eta, iragarri dutenez, “bizpahiru urte” beharko dituzte ikerketa lan horren emaitzak mahai gainean jartzeko.
Leonetek azaldu duenez, Oiartzungo udalbatza osatzen duten bi taldeen —EH Bildu eta EAJ— arteko kontsentsua bilatu dute momentu oro, eta elkarlanean egiten ari dira elkarbizitzaren bidea. “Gu ari gara langintza horretan, baina herritar guztiei bideratuta dago”.
Gatazka politikotik eratorritako urraketak azaleratuta, “elkar ulertzea” da beste helburuetako bat: “Jakin nahi dugu urraketa horiek zein ondorio izan dituzten gure herritarren artean, eta, ondorioz, enpatizatzeko eta elkar ulertzeko ariketa bat egin nahi dugu denon artean, egia ezagutzeaz gain”.
Udalak abiarazitako ekinbide bat da, eta oraindik ez dute landu herriko eragile eta norbanakoekin. Dena den, elkarbizitzaren eta memoriaren gaia herritarren artean zabaltzeko asmoarekin, pare bat hitzaldi antolatu ditu udalak. Lehenengoa herenegun eman zuten Bertha Gaztelumendik eta Irantzu Mendiak, gatazka politikoetan gertatutakoak argitzeko genero ikuspegiak daukan garrantzia azpimarratuta.
Bigarren hitzaldia, berriz, martxoaren 30ean izango da. Egia berreskuratzeko eskubidearen bilakaera eta erronkak izenburupean arituko dira Jon Mirena Landa Gorostiza eta Carlos Martin Beristain. Aurreragorako beste hitzaldi batzuk eta herritarrekin hainbat ekitaldi iragarri ditu Oiartzungo alkateak, Aranzadiren ikerketaren osagarri bezala. Leonetek jakinarazi duenez, udala diseinatzen ari da herriko beste eragile horiekin harremanetan nola jarri.
Alkateak nabarmendu du Gipuzkoako herri gehienetan ari direla garatzen gisa horretako egitasmoak. “Topikoa ematen du, baina gizarte hobe baten atarian gaudela pentsatu nahi dugu denok, eta iraganeko ikasgai horiek balio dutela etorkizunerako”. Aitortu du bidea “poliki” egiten ari direla, baina horren arrazoia gaiaren beraren “izaera delikatua” dela azpimarratu du.
Oiartzuarrei deia
Leoneten arabera, “giza eskubideen urraketa guztiek” behar dute aitortza, jasan duten guztiek horretarako eskubidea dutelako. “Bizikidetza sano eta sendo bat izateko ikasgaia izan behar du ariketa honek, bai gaur egunerako, baita etorkizunerako ere”.
Izan ere, gatazkak kudeatzeko esperientzia pilatu nahi dute, “bestearen tokian” jarrita, “giza ikuspegi batekin”. Ildo horretan, alkateak garrantzia eman dio gatazka politikoa zuzenean jasan ez dutenek gaia “dimentsionatzen” jakiteari. Horregatik, Aranzadiren ikerketa lana “ahalik eta osoena” izan dadin nahi dute.
Lekukotzak “berme guztiekin” jasoko ditu Aranzadik. “Batzuek ez dute izango inolako arazorik testigantza emateko, baina beste batzuek nahiago izango dute anonimotasuna gordeta kontatzea”, zehaztu du Leonetek. Horretarako Aranzadirekin jarri beharko dute harremanetan, Aranzadiren posta elektronikoko helbidera idatzita edo 943 46 61 42 telefono zenbakira deituta.
“Garrantzitsua da bakoitzaren bizipenak azaleratzea, kontatzeak berak norberaren zama arindu dezake eta”, azaldu du alkateak. Aranzadiren lanaren osagarri, udalak aitortza eta erreparazio ekitaldiak egiteko asmoa duela ere gaineratu du. “Egia jakiteak berak erreparazioaren bidean jarriko gaitu. Ikerketa lan honek nahi eta nahi ez lotuta egon behar du motibazio lan batekin, eta, kasu honetan, egia ezagutzea da motibazio hori”.