Amazoni 'ez hemen, ez inon' esateko bilduko dira Lezon
Herriko hainbat eragilek bat egin dute mobilizazioarekin. Udalbatzak Amazonen gaineko mozioa aztertuko du osteguneko osoko bilkuran.
Amazon ez hemen, ez inon leloarekin elkarretaratzera deitu ditu lezoarrak herriko eragile multzo batek. Mobilizazioa ostegunean (hilaren 25ean) egingo dute, Gurutze Santuaren plazan, 19:00etan.
Egun horretan udalbatzarra egingo dute Lezoko Udaleko zinegotziek, eta landuko dituzten gaien artean Amazonena dago. Oiartzunen ezartzeko asmoa du enpresa horrek, eta eragin dezakeen kaltea azaltzeko eta tokiko merkatari txikiei babesa adierazteko argudioak agertzen dira mozio horretan.
Elkarretaratzearekin bat egin duten Lezoko eragileak honakoak dira: Zuhaitzen Lagunak, Txerrimuño, Lurraren Orena eta Larraka Baratza kontsumo taldeak, Orain Herria, Tiñelu, Badian Bizi, Eguzki, Lobato Etxea, Piztu Lezo eta Lezokoak Merkatarien Elkartea.