Ikasleei sostengua emateko sarea martxan berriro
Ikasketa prozesuan zein hizkuntzarekin laguntza ematen diete ikasleei boluntarioek.
Iaz, COVID-19aren lehen olatuaren gogorrenean eta konfinamenduaren zorrotzenean, egoera zaurgarriak azaldu ziren, eta horiei aurre egiteko asmoz, Zaintza Sare Publiko Komunitarioa ehuntzen hasi ziren. Adinekoak izan ziren lehen lerroan jarri zituztenak; haien egoera zen kezkagarriena, baina ikasleak ere hartu zituen sareak aintzat, haien hezkuntza eskubideak bermatzea ezinbestekotzat jota. Ikastetxeek adierazitako beharretatik abiatuta, ikasleei sostengua emateko sarea aktibatu zuen udalak. Boluntarioak ikasleekin elkartu zituen sareak ikasketekin lagundu edo eta euskarazko mintzapraktikan jarduteko.
Aurretik ere behar horiek bazirela aitortu dute ikasleei sostengua emango dien sarea berriro martxan dela jakinarazteko egin duten agerraldian. Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotzia, iniziatiba horren atzean dauden elkarte eta boluntarioekin azaldu da Haizea Maritxalar boluntarioa, Txus Alfonso, Maialen Arrieta eta Josu Arizmendi Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko ordezkariak, Enara Maiz Arditurri Alabergako auzo elkarteko kidea, Txutxi Kaputxinoetako Alaitasuna elkarteko kidea, Arantxa Etxezurieta Udal Hizkuntza Politikako teknikaria eta Josu Ostolaza Xenpelar AEK ko kidea izan ditu ondoan, hain zuzen ere.
“Pandemiak behar hauek bistaratu baino ez ditu egin, lehendik ere askotarikoak ziren ikasleak sostengatzeko eskaerak eta herrian lanean ari ziren jada hainbat eragile”, esan du Ostolazak. Alaitasuna gazte elkarteak bazterketa arriskuan dauden haurrei laguntza emateaz gain, ikasteko ohiturak garatu, beraien arteko harremanak sortu eta bizitzarako lagungarri gerta daitezkeen balioak transmititzen dizkie azken urte luzeetan Gure Txoko egitasmoaren bidez.
Alabergako Arditurri auzo elkartean auzoko haur eta gurasoak batera arituz, elkarri lagundu, auzotarren arteko hartu emana eta erlazioa indartu eta bultzatzea dute helburu azken urteetan.
Bi egitasmo horiek udalaren diru laguntza jasotzen badute ere, herritarren lan boluntarioa dute oinarrian.
Horrekin batera, euskara errefortzua egiteko udalak orain hiru ikasturte martxan jarritako iniziatibari ere egin dio aipamena Ostolazak. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 36 ikasleri ematen die egun zerbitzua, eskola orduz kanpo. Eskola horiek AEKren bidez ematen dituzte beren eskola jarduna euskaraz egiteko gai ez direnentzat, esleipen publikoa AEKk irabazi baizuten.
Aukera bat baino gehiago izanik ere, aitortu egin du Ostolazak ez dela nahikoa dagoen beharrari erantzun ahal izateko, “hori horrela, zaintza sare publiko komunitarioan izena eman duten boluntarioekin ekimena berrartzea erabki da”. Aurretik aipatutako elkarteez gain, Lau Haizetara elkartea izango du bidelagun udalak egiteko horretan: “Adinekoentzako sare publiko komunitarioa egituratu den moduan, ikasleenm kolektiboa ere zaurgarria delako ikasleen hezkuntza eskubideak bermatuko dituen amarauna ehuntzen ari gara”.
Parte hartu duten kolektiboei nahiz banakakoekiko aitortza eta esker ona adierazi du udalak, eta gonbidapena luzatu herritarrei, boluntario aritzeko, “bide honetatik jarraitzeak komunitate izaera indartzea dakar, aldi berean komunitateari zentzua ematen baitio, eta honetan bide lagun nahi zaitugu”.
Ikasleei sostengua emateko sarean parte hartu edo informazio gehiago nahi duen orok e-postara mezua bidali dezake.