Intsektu polinizatzaileen gaineko azterlana egin du udalak Arantzadirekin
Lau Haizeta parkeko landaredia modu egokian kudeatzen ote den jakiteko intsektu polinizatzaileak kaltetu gabe, egin dute azterlana, eta batez ere landare ebaketa selektiboetara bideratu du kezka nagusiki, udalak.
Errenteria-Oreretan eta Lau Haizeta parkean intsektu polinizatzaileak kontserbatzea bateragarria da aisialdi jarduerekin eta egun dituen beste erabilera batzuekin, beti ere, arrazionalki aldatzen bada habitataren kudeaketa. Ondorio horretara heldu da Aranzadi Zientzia Elkartea, Paisaia European Landscape Foundation erakundearen lankidetzarekin 2020an 490 intsektu espezie eta 248 loredun landareren biologia berrikusita. Errenteriako Udalak eskatutako azterlan baten barruan egin du Aranzadik lan hori, eta entomologia eta botanika adituek jardun dira elkarrekin.
Lau Haizeta parkeko landaredia modu egokian kudeatzen ote den jakiteko intsektu polinizatzaileak kaltetu gabe, egin dute azterlana, eta batez ere landare ebaketa selektiboetara bideratu du kezka nagusiki, “Sanmarko eta Toxritokietan hainbat lekutan aisialdirako eta ganadurako eremu zabalak mantentzeko egiten diren belar mozketetan hain zuzen ere”. Horretaz gain, paisaiaren aniztasunerako eta landare inbaditzaileak kontrolatzeko baso eremuak soilgune eta bideekin, zuhaizkak dituzten ala ez dituzten belardiak, eta abereentzako larreak ere aztertu dituzte.
Kalkulatzen da planetako landare loredunen %80 inguru, basatiak edo landatuak izan, neurri baten behintzat, intsektuen polinizazioaren menpe daudela. Intsektuak, baina, erregresioan daude hainbat faktore medio: fumigazioak, kutsadura, klima aldaketa, habitata galtzea; hainbat espezie mehatxatuta daude. Paper bereziki garrantzitsua dute udaletik azaldu dutenez, himenopteroek —erleak, liztorrak—, dipteroek — hainbat euli espezie—, lepidopteroek —tximeletak, sitsak—, eta koleopteroek —hainbat kakalardo espezie—. Lau talde horiek aztertu dituzte Lau Haizetan.
Azterlanaren ondorioak, honakoak: hainbat belar mozketa gehiegizko direla, eta ondorioz, kaltegarri landare loredunentzat. Horrenbestez, ebaketen urteroko maiztasuna gutxitu, eta datak aldatzea ondorioztatu dute, kasu batzuetan intsektu polinizatzaileen hegaldi eta elikatze garaiarekin bat egiten dutelako ebaketek, polinizatzaileen era lorren bizi zikloetan eraginez.
Polinizatzaileek babes hartzeko eta habia egiteko eremuak ugaritzeko beharra nabarmendu dute, baita landare exotiko inbaditzaileek bertakoen gainean eragiten duten lehia gutxitzera bideratutako beste neurri batzuk ere iradoki ditu azterlanak.
