Igandeko sutea iker dadila eskatu du Eguzkik
Igandekoarekin, azken 20 urteetan zortzi sute handi izan direla nabarmendu du Eguzkik. Erakundeei Natura 2000 Plana aplika dezatela eskatu diete.
Sutea izan zen igandean Jaizkibelgo Lezoko aldean, zehazki, erabilera publikoko 2.053.1 zonaldean, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen eremu batean hain zuzen (140 hektareako eremua da). Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak eskatu du sutearen jatorria iker dadila, eta nahita egindakoa balitz, ardura izan duten pertsonak auzipetzea. Hilaren 21ean (larunbata) izan zen Basoen Nazioarteko Eguna.
Eguzkik oroitarazi duenez, azken 20 urteetan Jaizkibelen gutxienez zortzi sute izan dira: 2002ko urtarrilean eta martxoan. 2010eko otsailean, 2014ko urtarril eta martxoan, 2019ko otsailean, 2021eko otsailean eta 2021eko martxoan (igandekoa). Eguzkik jakinarazi du larrienak 2002koak (Jaizkibelgo 400 hektarea erre ziren) eta 2010ekoa izan zirela (500 hektarea erreta).
Sute horien eraginik nabarmenenak biodibertsitatearen eta lur eremuen galera dela esan dute Eguzkitik, eta batez ere tokiko lore eta animaliengan eragina izan dutela. Hortaz, Jaizkibelen lurrak dituzten udalei (Lezo, Pasaia eta Hondarribia) eskatu diete Natura 2000 Sarearen kudeaketa plana aplika dezatela (2019an bukatu zen exekuzio plana), eta bertako ingurunea berritzeko inbertsioak egin ditzatela, “horrela, egun Jaizkibelen bizitzeko kondiziorik ez duten espezieak itzuliko dira).